Dofin
Dofina Frantziako noblezia titulua da, erregearen ondorengo eta oinordekoak eramana.
Historia
Dofinerriko jaunek eta Viennoisko kondeek zeukaten goitizena, lehen, eta titulua, geroago, izan zen dofina. Horrela, Viennoisko dofin eta Albongo kondeen titulua hartu zuten. Izan ere, Viennoisko konde andanek Dauphin (frantsesez) izan zuten bigarren izen, ohikoa ez zena, Gigues IV Dauphinez geroztik (1133-1142). Izen horrek (izurde euskaraz eta delphinus latinez) dofinerriaren Proventzarekiko eta Mediterraneoarekiko loturak indartu nahi zituen.
Frantziako tronurako oinordekoek 1349z geroztik daramate titulu hori. Humbert II.a Viennoiskoak Albon eta Viennoisko jaurerriak (dofinerria, hain zuzen) Frantziako Filipe VI.ari saldu zizkion, baldin eta oinordekoak dofin titulua hartzen bazuen. Titulua jaso zuen lehenengoa, beraz, Frantziako Karlos V.a izatekoa zena izan zen, Filipe VI.aren biloba. Tronurako oinordekoa ez ezik, erregearen ondorengoa ere izan behar zen dofin titulua eraman ahal izateko. Luis XIV.aren erregealdira arte, Viennoisko dofina zen titulua, baina ondoren, Frantziakoa izan zen. Titulua eraman zuen azkena Luis-Antonio Angulemako dukea izan zen, Karlos X.aren semea. Alabaina, tituluari 1830ean egin zion muzin.
Aragoiko koroan ere erabilia izan da dofin titulua, baina kasu bakar batean besterik ez, 1387-1388 bitartean, Jakue infantearentzat. Nolanahi ere, erresuma horretan oinordekoek eramandako titulua Gironako dukea izan da, baina Joanes I.a Aragoikoaren erregealdian, Frantziako ereduaren eraginez ziur asko, Gironako dofina erabili zen. Jakue infantearen heriotzaren ostean, titulu hori ez zen berriro hartu.