Zebra arrunt
Zebra arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Ia galzorian (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Perissodactyla |
Familia | Equidae |
Leinua | Equini |
Generoa | Equus |
Espeziea | Equus quagga Boddaert, 1785 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 1 urte |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Zebra arrunta edo lautadetako zebra (Equus quagga) Equus generoko animalia da. Perisodaktiloen barruko Equidae familian sailkatuta dago. Marra zuri eta beltzak dituen zaldi itxurako animalia ezaguna da.
Hiru zebra espezieen artean zabalduena da eta Afrikan (Etiopiatik Hegoafrikaraino) bizi da, zatikaturiko eremuetan, horregatik hainbat azpiespezie ditu. Lautada zabalak eta sabana ditu gustuko, bestalde basamortuak eta oihanak ekiditzen ditu.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pieter Boddaert naturalista herbeheretarrak deskribatu zuen 1785. urtean eta quagga izena eman zion. John Edward Gray zoologo britainiarrak Equus generoaren barnean sailkatu zuen 1824an. XXI. mendean quagga eta zebra arrunta espezie berekoak zirela ebatzi zen eta Equus quagga espeziearen barnean hainbat azpiespezie sailkatu ziren:[1]
- Equus quagga quagga (†)
- Equus quagga burchellii
- Equus quagga boehmi
- Equus quagga chapmani
- Equus quagga borensis
- Equus quagga crawshayi
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Animalia handiak dira. 127-140 cm-ko altuera eta 217-246 cm arteko luzera hartzen dute. Arrek 220-322 kg-tako pisua dute eta emeak zerbait txikiagoak dira, 175-250 kg. Isatsak 47-56'5 cm-ko luzera du[2]. Gainerako bi espezieekin konparatuta ertaina da, mendi-zebra txikiagoa da eta Grevy zebra handiagoa[3]. Zebrak gorputz sendoa du eta proportzioan zebraren hankak laburrak dira.
Burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garezurraren aurrealdea ahurra da eta muturra ganbila. Lepo sendoa du, arrek emeek baino sendoagoa. Belarriak goraka ditu eta punta borobiltsua dute. Lepotik bururaino igotzen zaion ilajea oso tentea da eta isatsaren amaieran ere ile mataza du.
Zebrek 40 piezatako hortzeria dute; hamabi ebakortz landaretza mozteko, lau letagin eta gainerakoak haginak dira, elikagaia murtxikatzeko erabiltzen dituztenak. Goiko ezpaina inguruko landare materiala apartatzeko erabiltzen dute, horrela errazago ebakitzeko jango duten belarra[4]. Begiak alboetara dituztenez ikusmen angelu zabala dute. Gaueko ikusmena ere badute, ez ordea beren harrapariek bestekoa. Dena dela entzumena oso ona dute. Usaimena ere bikaina dute, bereziki kea detektatzeko gaitasun handia duena, horrek sute baten aurrean garaiz ihes egiteko aukera ematen die.
Koloreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zebren ezaugarri nabarmenena kolorea da, marra zuri eta beltzak ditu. Burutik hasita marrak bertikalak dira, baina atzeko hanken aldean horizontal bihurtzen dira. Zebra bakoitzak marra desberdinak ditu, ez daude patroi bera duten bi zebra. Afrika hegoaldeko azpiespezieek marra marroiak azaltzen dituzte tartekatuta. Zebra jaioberriek marra zuri eta marroiak izaten dituzte eta marra marroiak iluntzen joaten dira adinean aurrera egin ahala[3].
Hainbat patroi berezi ere aurkitu izan dira. Badira zebra "beltzak", marra beltz lodiak eta zuri finak dituztenak[2], eta badira albinoak ere, hauen kasuan marra beltzek urre kolorea dute. Zebra albinoak Kenya mendiaren magalean aurkitu dira[5].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hedadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Afrika ekialdean eta hegoaldean aurkitzen da, Hego Sudanetik hasi eta Etiopiatik behera Mozambikeraino eta handik hegoaldeko herrialde ugaritan aurkitzen da, Namibia eta Angola artean Ozeano Atlantikoraino iritsiz. Neolito aroan Aljerian ere izan zela uste da.
Sabana eta lautada zabalak hobesten ditu eta basamortuak eta oihanak ekidin[6]. Gainerako afrikar ekidoak baino urarekiko menpekotasun handiagoa du eta hezetasun ertaina duten ekosistemak atsegin ditu. 10-12 kilometro ibiltzen ditu bataz beste ur iturrien bila. Kenya mendian 4.300 metrotarainoko altueran ere aurkitzen dira[7].
Zebrak nomadak dira. Beren migrazioetan 30-600 km2 arteko azalerak ibiltzen dituzte. Egunez dira aktiboak eta denbora gehiena jaten pasatzen dute. Hautsetan iraulkatzea, elkar igurztea eta atsedenaldiak hartzea ere atsegin dute. Gauez aktibitatea jaisten dute, baldin eta harraparirik inguruan ez badute. Taldeak lo hartzen du baina beti izaten da zebraren bat zelatan[8].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zebrak belarjaleak dira. Belar luzeak zein sortu berriak jaten dituzte. Themeda triandra, Cynodon dactylon, Eragrostis superba eta Cenchrus ciliaris espezieak dituzte gustuko. Sasoi lehorrean lur azpian dauden errizomak eta kormoak bilatzen dituzte elikatzeko[9].
Beste belarjale espezie batzuk baino elikadura esparru handiagoa dute eta sarritan landarez ongi horniturik dagoen eremura lehenengo iristen den ugaztuna izaten da[4]. Zebrek aurreneko bazka egin ondoren belarjale espezializatuagoak sartzen dira ingurune hartara, ñu urdina eta Thomson gazela esate baterako[8]. Zebren digestio aparatua ez da hausnarkariena bezain efizientea baina bi aldiz azkarrago egin dezakete digestioa.
Harraparitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zebraren harrapari nagusiak lehoia eta hiena pikarta dira. Lehoiek heldu bakartuak erasotzen dituzte, hienek aldiz taldea erasotzen dute eta zebra bat bakartzen dute ondoren harrapatzeko. Nilotar krokodiloek ere jaten dituzte zebrak ibaiertzera ura edatera hurbiltzen direnean. Gepardoak eta likaonak ere harrapa dezakete, hain ohikoa ez bada ere.
Zebrek lehoia inguruan sumatzen dutenean zirkulu erdi bat osatzen dute. Harraparia 100 metrotako distantziara mantentzen saiatzen dira. Semental batzuek eraso faltsuak ere egin ohi dituzte lehoiak uxatzeko. Gepardo, likaon edo hiena bakartiei metro eskas batzuetaraino hurbiltze uzten diete ordea. Harrapariarengandik ihes egiteko zebrak lasterka egiten du. 60-70 km/h abiadura har dezake galopan[10].
Hiena pikartek edo likaonek taldea erasotzen dutenean zebrak euren taldea trinko mantentzen saiatzen dira eta elkarlanean ale ahulenak babesten dituzte, zebra kumeak eta gazteak bereziki. Horrez gain sementalek erasoak egiten dituzte hiena eta likaonen aurka[8].
Etologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egitura soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zebra arrunta animalia soziala da eta haremak osatzen ditu. Harem horietan ar bat, hainbat eme eta haien kumeak izaten dira. Haremak egonkorrak izaten dira eta urteak irauten dute. Emeen artean hierarkia dago. Alfa emea da sasoi bakoitzean kopulatzen duen aurrenekoa. Eme berriak taldean sartzerakoan aurrez zeuden emeek borroka egiten dute beren estatusa mantentzeko. Arrak eme guztiak estali behar ditu harem barruan mantendu nahi baditu[11].
Ar gazteen taldeak ere badira, hamabost ale ingurukoak, eta adinaren araberako hierarkia dute. Talde hauek ere egonkorrak dira, harem berria sortzeko soilik ateratzen dira helduenak bertatik. Harema eratzeko prestaketatan denbora ugari pasatzen dute, elkarrekin borrokak, eskertza eta lehia erritualak burutuz.
Migrazio garaietan ar gazteen talde ugari elkar daitezke ehunka zebratako taldeak osatuz. Haremaren atzetik joaten dira[12]. Haremak ere elkartu daitezke talde handiagoak eratuz.
Komunikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zebren artean sei dei ezberdin deskribatu dira. Espeziearen quagga izena bera ere dei horietako baten onomatopeia da[12]. Bi aurpegi espresio ere zehaztu dira, elkarri eskertzekoa bata eta mehatxatzekoa bestea.
Primateek egiten duten antzera zebrak ere elkar garbitzen ikusten dira. Lepoa, gurutzea eta bizkarra hortzekin eta ezpainarekin garbitzen dute. Emeek eta pottokek egiten dute gehien, baina taldeko tentsioak askatzeko ere erabiltzen dira[8].
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hazitarako aleek Flehmen postura erakusten dute emearen erantzunaren bila eta honek hankak zabaldu eta isatsa altxatzen du estalia izateko. Haurdunaldiak urtebete irauten du eta kume bakarra jaiotzen da. Taldearen babesean erditzen du lurrean albo batera etzanda. Kumeak 30-35 kg pisatzen ditu jaiotzerakoan. Jaio bezain laster altxatzen da eta astebetera belarra jateko gai da.
Emeak gainerako zebrak uxatzen ditu bere kumearengandik. Beranduago taldekideekiko loturak hartzen hasiko da. Pottokak bere amak duen estatusa izango du taldean, hazitarako aleak ez ditu onartzen bereak ez diren kumeak hiltzera iritsi dateke.
Zebra pottoken hilkortasuna handia da lehenengo urtea bete artean, gehienbat harraparien erasoen erruz. Emeak hiru urterekin iristen dira heldutasun sexuala izatera, arrek bost edo sei urte behar dituzte[13].
Gizakiaren eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontsebazio maila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak zebra ia galzoriko espezie kontsideraturik dauka. 500.000 aletako populazioa duela estimatzen da baina aurkitzen den 17 herrialdetatik 10etan populazioa beherantz egiten ari da. Etiopian, Malawin, Hegoafrikan eta Angolan egonkor mantentzen da, Botswanan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kenyan, Rwandan, Somalian, Hego Sudanen, Tanzanian, Ugandan, Zambian eta Zimbabwen beherantz egiten ari da eta Burundin eta Lesothon dagoeneko desagertu da.
Populazioaren beherakadaren arrazoi nagusia ehiza da. Haragia eta larrua lortzeko ehizatzen dira. Beste mehatxu bat habitataren galera da, nekazaritzak ingurunea aldatu egiten baitu. Abeltzaintzak ere eragina du, alde batetik abereekin elikagaiekiko lehian sartzen delako eta bestetik abeltzainen lurrak hesitu egiten direlako eta zebren migrazio bideak mozten dituztelako[14]. Horretaz gain herrialde batzutan dauden gerra zibilek ere eragina badute zebren populaziotan.
Dagoeneko azpiespezie bat desagerturik dago, quagga izenekoa. XIX. mendeko kolono herbeheretarrek eta ondoren afrikanerrek ehizatu zuten. Azken quagga Amsterdamgo Zoologikoan hil zen 1883en urteko abuztuaren 12an[15].
Afrikan dauden babes erreserbatan ugari dira zebrak. Tanzanian Serengeti Parke Nazionala, Kenyan Tsavo eta Masai Mara, Zimbabwen Hwange, Namibian Etosha eta Hegoafrikan Kruger.
Zebra egungo kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinatik izan da Afrikako arte eta kulturaren parte. Hegoafrikako harkaitzetan duela 20.000-28.000 urteko margoetan agertzen da. Kondaira ugari kontatzen dituzte aborigenek zebrek haien marrak nola lortu zituzten azaltzen dituztenak.
Botswanako animalia nazionala da. Hango armarrian agertzen da eta banderaren erdiko marrek ere zebra irudikatzen dute[16]. Zimbabweko Shona leinuarentzat zebra totem animalia da, elandarekin, bufaloarekin, lehoiarekin eta tximuarekin batera. Zebraren marrek apaintzen dute emakumezkoan heldutasunera igarotzeko domba eskola[17].
Literaturan eta zineman ere presentzia handia izan du zebrak, Afrika errepresentatzen duen animalia exotiko gisa. Aipatzekoak dira Sheena, oihaneko erregina (Sheena, Queen of the Jungle) komikia eta hurrengo filma hauek; Fantasia (1940), The Lion King (1994), Madagascar (2005), Racing Stripes (2005) eta Khumba (2013).
Oinezkoek errepidea eta kaleak gurutzatzeko erabiltzen duten igarobideari ere zebra-bidea deritzo, asfalto grisaren gainean marra zuriz osaturik baitago[18].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Heywood, Peter. (2015-11). «The micro-politics of macromolecules in the taxonomy and restoration of Quaggas» Kronos 41 (1): 314–337. ISSN 0259-0190. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ a b (Ingelesez) Larison, Brenda; Kaelin, Christopher B.; Harrigan, Ryan; Henegar, Corneliu; Rubenstein, Daniel I.; Kamath, Pauline; Aschenborn, Ortwin; Smith, Thomas B. et al.. (2021). «Population structure, inbreeding and stripe pattern abnormalities in plains zebras» Molecular Ecology 30 (2): 379–390. doi: . ISSN 1365-294X. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ a b The encyclopedia of mammals. Barnes & Noble Books 2001 ISBN 0-7607-1969-1. PMC 48048972. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ a b Skinner, J. D.. (2005). The mammals of the southern African subregion.. (Third edition /.. argitaraldia) ISBN 978-1-107-34099-2. PMC 862163330. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ (Ingelesez) «Extremely rare 'blonde' zebra photographed» Animals 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Equids--zebras, asses, and horses : status survey and conservation action plan. IUCN-the World Conservation Union 2002 ISBN 2-8317-0647-5. PMC 55625605. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Estes, Richard. (1991). The behavior guide to African mammals : including hoofed mammals, carnivores, primates. University of California Press ISBN 0-520-05831-3. PMC 19554262. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ a b c d Estes, Richard. (1991). The behavior guide to African mammals : including hoofed mammals, carnivores, primates. University of California Press ISBN 0-520-05831-3. PMC 19554262. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ «Validate User» academic.oup.com doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ Kingdon, Jonathan. (1989). East African mammals : an atlas of evolution in Africa. Vol. 3, pt. B, (Large mammals).. University of Chicago ISBN 0-226-43722-1. PMC 315281900. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ Alden, Peter. (1995). National Audubon Society field guide to African wildlife. Knopf ISBN 0-679-43234-5. PMC 32013432. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ a b Skinner, J. D.. (2005). The mammals of the southern African subregion.. (Third edition /.. argitaraldia) ISBN 978-1-107-34099-2. PMC 862163330. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ Equine reproduction. (2nd ed. argitaraldia) Wiley-Blackwell 2011 ISBN 978-0-8138-1971-6. PMC 664319221. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ (Ingelesez) Odadi, Wilfred O.; Okeyo-Owuor, J. B.; Young, Truman P.. (2009-01-31). «Behavioural responses of cattle to shared foraging with wild herbivores in an East African rangeland» Applied Animal Behaviour Science 116 (2): 120–125. doi: . ISSN 0168-1591. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ Van Bruggen, A.C.. (1959). Illustrated notes on some extinct South African ungulates. South African Journal of Science. 55:, 197-200 or..
- ↑ (Ingelesez) «Introducing the flag of Botswana» Lonely Planet (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ Plumb, Christopher. (2018). Zebra. ISBN 978-1-78023-935-4. PMC 1004762462. (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).