Edukira joan

Coruña

Koordenatuak: 43°22′26″N 8°24′00″W / 43.37385694°N 8.40002703°W / 43.37385694; -8.40002703
Wikipedia, Entziklopedia askea
Coruña
A Coruña
Galiziako udalerrien zerrenda
Administrazioa
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Galizia
ProbintziaCoruñako probintzia
AlkateaInés Rey García (en) Itzuli
Izen ofizialaA Coruña
Jatorrizko izenaA Coruña
Posta kodea15001–15011
INEk ezarritako kodea15030
HerriburuaA Coruña
Geografia
Koordenatuak43°22′26″N 8°24′00″W / 43.37385694°N 8.40002703°W / 43.37385694; -8.40002703
Map
Azalera37,83 km²
Altuera21 m
MugakideakArteixo, Culleredo eta Oleiros
Demografia
Biztanleria247.376 (2023)
2.676 (2022)
alt_left 131.811 (%53,3) (%46) 113.900 alt_right
Dentsitatea6.539 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia981 y 881
Ordu eremuaUTC+01:00
Hiri senidetuakCádiz, Mariglianella, Mar del Plata, Herencia eta Rio de Janeiro
MatrikulaC
coruna.gal

Coruña[1] (galizieraz: A Coruña) Coruña probintziako hiriburua da (Galizia, Espainia). Galiziako ipar-mendebaldeko muturrean dago kokatua.

Hiriak klima ozeaniko leuna du. Galiziako Epaitegi Gorenaren eta gobernu zentraleko erkidegoko egoitza da, baita Real Academia Galegarena ere. Era berean, lur-armadaren talde logistikoaren egoitza ere bada.

Coruñako portua

36,8 km²-ko lur-eremua betetzen du udalerriak eta 243.349 biztanle ditu (2005eko datuak), gune metropolitar osoan 396.015 biztanle bizi direlarik. Galiziako eskualde urbanorik handiena da, Vigoren ostean, beti ere. Biztanle-dentsitatea erkidegoko altuena da (6.600 biztanle/km²). Azkenengo urteotan biztanleria-mugimendu handiak gauzatu dira hirian, lurzoruaren prezioak gora egitean hainbat eta hainbat biztanle ondoko herrietara mugitu baitira. Joera bera gertatu da industriarekin.

Hirugarren sektorea (zerbitzuak) da nagusiena hirian, inguru osoko gune ekonomiko eta kulturala baita. Bere eragina ez da soilik gune metropolitarrera mugatzen, Galizia osora baizik.

Coruñaldeko metropolia ondorengo udalerriek osatzen dute: Arteixo, Culleredo, Cambre, Oleiros, Sada, Carral, Bergondo eta Abegondo.

Ingurune naturala eta klima

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011. urtean, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Coruñak oraindik ez zuela bete hondakin urak arazteko betebeharra. Betebehar hori 2000. urterako bete beharrekoa zen.[2]

    Datu klimatikoak (Coruña)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 13.1 13.7 14.9 15.5 17.4 19.8 21.8 22.5 21.5 18.7 15.8 14.0 17.4
Batez besteko tenperatura (ºC) 10.4 10.9 11.8 12.5 14.4 16.8 18.7 19.3 18.2 15.7 13.1 11.5 14.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 7.6 8.0 8.6 9.4 11.4 13.7 15.6 16.0 14.8 12.6 10.3 8.9 11.4
Pilatutako prezipitazioa (mm) 128 102 79 85 80 42 30 35 68 110 114 135 1008
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 17 17 15 17 16 10 8 9 11 16 17 18 171
Eguzki orduak 108 112 155 167 191 220 240 240 179 150 107 93 1966
Iturria: World Meteorological Organization (NBE),[3]
Iturria (2): AEMET[4]
Herkulesen Dorrea

Aurre-erromatar eta erromatar garaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toponimiak adierazten duen bezala, kokapen aurre-erromatar batzuk izan ziren hirian, Castro de Elviña edo Santa Margarita Gaina, esaterako. Modu berean, Montealto eta bestelako leku batzuetan kastro batzuen existentzia agerian da. Atraboen tribukoak izan ziren lehenengo biztanleak inguru honetan, Coruñako itsasadarra eta Ferrolgo itsasadarraren arteko eremuan, hain zuzen ere; K.A. 62.urtean Julio Zesar agintari erromatarra hirira heldu arte. Erromatarrek Brigantium izendatu zuten eta bertan portu garrantzitsu bat eraiki zuten[5]. Horren aztarnarik nabarmenena Herkulesen Dorrea da, oraindik ere funtzionamenduan dagoena, eta mundu osoan mantentzen den erromatar itsasargi bakarra da.

Erdi Aroan, arabiarrek hartu zuten hiria; oso denboraldi labur batez bakarrik izan arren; Galiziako herritarrek egindako erresistentziagatik. Biztanleria hiriko alde zaharrean pilatzen da, eta Alfonso IX.ak Benaventeko forua eman zien coruñarrei 1188an. Alfonso Xak, ordaindu barik gatza saltzeko probilegioa eman zion hiriari, eta honek oparotasun handia izen zen hiriarentzat[6]. Joan IIak hiri titulua eman zion Coruñari 1446an. Carlos Iak eraiki zuen hirian Kontratazioaren Etxea, eta San Anton gazteluaren eraikuntza bideratu zen azpiegitura berri hau babesteko.

XVII. eta XVIII. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII eta XVIII mendeen artean, hiriak gainbehera-prosezu handiak sufritu zituen. 1620an, Felipe III.ak Itsasoko Itsasmutikoen eskola sortu zuen. 1682an, Herkulesen Dorrea berritu zen, Antúnez arkitektoaren eskutik.

Elisabet I.a Ingalaterrako erreginak gorroto handia zion Felipe II.a erregeari, eta horren ondorioz gerrate ugari jazo ziren aipatutako mendeetan. 1588an Coruñako portutik atera zen Armada Garaitezina, Mantxako kanalera bide eginez. Urtebete geroago, 1589an, Ingalaterrako erreginak Francis Drake almiranteak agindutako eskuadra bidali zuen hirira, eta Coruñak gogor erantzun zion atakeari Maria Pita heroiaren eskutik[7]. Santo Domingoko monasterioa (Santo Tomás auzoan kokatua) erre ondoren, ingelesek hiria abandonatu zuten maiatzaren 19an. Garai honetan ere Errege Entzutegiaren aldatzea gauzatu zen, Santiago de Compostelatik Coruñara.

Susezio Gerran, beste zerga-igoera bat jazo zen. Gerra 1716an bukatu zen eta berreskurapen ekonomikoa oso motela izan zen. Berreskurapen hau enpresaburu katalanek bultzatua izan zen eta esportazio-mugimendu handiak sortu zituen.

Karlos III.aren erregealdian Cadizen monopolioa apurtu zen, Amerikako koloniekin merkataritzan ibiltzeko eskubidea zuen hiri bakarra izateari utziz. Hortaz, beste 12 hirik bereganatu zuten eskubide hau, eta honen ondorioz, ekonomiak gora egin zuen eta Espainiako erregeak harresi bat eraikitzeko agindua ematen du. Une honetan ere hiriko lehenengo jarduera industrialak gauzatu ziren, Tabakoen Fabrika Erreala sortu baitzen (XX. mende amaiera arte funtzionamenduan) edota Coruñako Errege Kapelugiletza.

XIX. mendeko lehen erdialdean, hiriak biztanleria-hazkuntza handia sufritu zuen, 12.000 biztanletik 20.000 biztanle ingurura pasatuz.

1808ko maiatzeko inbasio frantsesaren ondoren, hiriak erresistentzia gogorrez egin zion aurre okupazioari. Coruña izan zen, era berean; erresistentzia helarazi zuen hiri galiziar bakarra, eta bertan borroka ugari gertatu ziren; Eviñako borroka garrantzitsuena delarik. Bertan, ingelesak eta frantsesak borrokatu ziren, eta frantsesek hartu zuten hiria bere gain. Borrokan parte hartu zuen Sir John Moore jeneralaren gorpuzkiak San Carloseko lorategian kokatuta daude gaur egun. Maiatzaren amaieran, frantsesek abandonatu zuten Galizia.

1815ko abuztuaren 19an, Juan Díaz Porlier mariskalak 1812ko konstituzioa berreskuratzeko asmoz agertu zen, hiriko burgesia eta intelektualitateak bultzatuta. Alabaina, abuztuaren 22an traizionatua izan zen militarra, eta ondoren bahitua eta eskegia.

Lehenengo Karlistada lehertu zenean 1933an, hiria Isabelen alde agertu zen osotasunean, baina ez ziren istilu handiak gauzatu Coruñan. Gatazkaren ondoren, Elisabet II.a Espainiakoa erreginak probintzia-titulua eman zion hiriari, eskerrak emateko keinu bat eginez.

XIX. mendearen amaieran industria eta banku berriak ezarri ziren, hiri moderno berri bat sortzeko helburuarekin. Horrez gain, Emilia Pardo Bazán edo Don Aureliano Linares Rivas bezalako pertsonaia entzutetsuek ospe handia eman zioten Coruñari. 1898an azkenengo koloniak galdu ostean, Karibe espainiarrean aberastutako galiziar asko bueltatu ziren hirira izugarrizko dirutzarekin. Habana edo Santiago de Cuba hirietan ikusitako luxuan oinarrituta, abangoardia-mugimendu handia bultzatu eta sortu zuten hirian, gaur egun oraindik ere begi bistakoa dena.

XX. mendean gauzatu zen garapen ekonomiko eta demografikoa. Horrez gain, Oza udalerria anexionatu zitzaion hiriari, Coruñako eremuaren gaur egungo %70a zena momentua arte. Industria handiak sortu ziten, portua indartu zen, sindikatuak fundatu eta negozio eta zerbitzu-sarea sustatu zen. Era berean, hiria abangoardia arkitektonikoen hiriburu bihurtu zen mende hasieran, zabalgune modernistak eraiki baitziren (Lugo eta Orense plazak, Linares Rivas edo Pontevedrako plaza. Alfonso kioskoa, Radio Nacional de España eta desagertutako Atlántico Hotela). 1922 eta 1929 urteen artean, Espainiako edifiziorik altuena kokatu zen hirian, Banco Pastoren egoitza nagusia, hain zuzen ere[8]. Urte horretan Madrilgo Gran Viako Telefónica konpainiako eraikinak hartu zion lekukoa.

Coruñako portua.

Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, hiriaren hazkuntza ekonomiko eta politikoak aurrera egin zuen, eta 1936ko autonomia-estatutuaren arabera Coruña Galiziako hiriburu bihurtu zen.

Gerra Zibilan, hiriak bando errepublikarra alde batera utzi eta Francisco Franco jeneralaren alde kokatu zen. Leialtasun honi esker, Francok findegi bat eraiki, portua indartu eta aireportu bat eraiki zituen 1953an.

Frankismoaren garaian, hiriak bere historia osoko alkaterik hoberenetarikoa izan zuen, Alfonso Molina, hiriaren sarrerako bide nagusia eraiki zuena eta gaur egunean bere izena daramana. Beste coruñar garrantzitsu bat, Pedro Barrié de la Maza, Coruñako hainbat enpresatako presidente bihurtu zen, Banco Pastor edo Unión Fenosa, esaterako. Arrakasta handia lortu zuten aipatutako enpresek bere zuzendaritzapean.

1973. urtean, hiriak beste momentu garrantzitsu bat bizi izan zuen, Costa Rica dorrea eraikitzearekin batera. 108 metrorekin, ipar-ekialdeko eraikinik handiena da.

Frankismoaren azkenengo urteotan, langile-iraultzek beste hiri galiziarrak menperatzen zituzten momentu berean, Coruña ez zen altxatu erregimenaren kontra, aspaldiko leialtasuna mantenduz. Horrek berebiziko garrantzia izan zuen gerorako, agintariek beste hiri bat, Santiago de Compostela, izendatu baitzuten hiriburu.

Coruña azkenengo hamarkadetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenengo hamarkadetan hainbat aldaketa eman dira egitura politiko, militar eta ekonomikoan. Alde batetik, funtzio administratibo ugari garatzen dira Coruñan, eta jarduera militarra murriztu da. Sare ekonomiko eta enpresaburuala gogortu da: estatu mailako enpresa garrantzitsu batzuen egoitza da Caixa Galicia, Banco Pastor etab. Bestalde, ezin aipatzeke utzi Inditex mega-enpresaren egoitza ere badela, eta honek berebiziko garrantzia du hiriaren ekonomian. Horrez gain, portu komertziala eta aireportu propioak ere baditu. Aireportuak Coruña eta Espainiako hiri nagusiak lotzen ditu: Bilbo, Bartzelona, Sevilla edo Madril, esaterako.

Biztanleriaren bilakaera
1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2009
44.057 49.290 63.610 71.511 98.534 127.518 173.661 189.548 231.821 246.531 236.782 246.056
Coruñako ikuspegiaSan Pedro mendixkatik
Orzán hondartzako ikuspegia

Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko muturrean dago kokatua hiria, Coruñako itsasadarra (hiriaren ekialdean kokatua) eta Orzán ordokiaren artean (hiriaren mendebaldeko partea).

Hiriak orografia berezia du, penintsula batetik sortua baita. Horrez gain, mendixka handiz beteta dago hiriaren eremua. Gaur egun baina, mendixka gehienak hiriari lotuta gelditu dira. Mendixka gehienak Bens, San Pedro, Santa Margarida, Eirís eta A Zapateirakoak dira.

Coruñar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren 32. araua
  2. (Gaztelaniaz) «El Tribunal de Justicia Europeo declara que España incumple la Directiva de Tratamiento de Aguas Residuales», iAgua, 2011-04-15. Eskuratze data: 2011-04-26.
  3. (Ingelesez) World Meteorological Organization. Weather Information for Coruna. .
  4. AEMET. Valores Climatológicos Normales. A Coruña. .
  5. (Gaztelaniaz) Coruña, M. Manav Gambhir | A.. (2018-07-31). «Brigantium dio Roma a César» La Opinión de A Coruña (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  6. (Gaztelaniaz) «A Coruña retorna a la Edad Media para redescubrir sus orígenes» La Voz de Galicia 2008-07-13 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  7. (Gaztelaniaz) «María Pita, la heroína de La Coruña que hizo huir a Francis Drake y su Contra Armada de 180 buques» www.larazon.es 2022-05-17 (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).
  8. (Gaztelaniaz) Edificio Banco Pastor – CoruñeANDO. (Noiz kontsultatua: 2024-03-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]