Gyula Andrássy
Gyula Andrássy von Czíkszentkirály und Krasznahorka Kondea (Oláhpatak, Hungariako Erresuma, Austriar Inperioa, 1823ko martxoaren 3a - Volosca, Austria-Hungariako Inperioa, 1890eko otsailaren 18a) hungariar estatu-gizona izan zen.
Hungariako lehen ministroa izan zen 1867tik 1871ra eta Austria-Hungariako Kanpo Harremanetako ministroa 1871tik 1879ra. 1848an aukeratu zuten Hungariako Parlamentuko kide eta urte horretan Hungariako taldean parte hartu zuen kroaziarren aurkako gerran. 1848ko Hungariako Iraultzaren porrotaren ondoren, Londresen eta Parisen erbesteratu zen.
1858an erbestetik itzuli zen. Austria-Hungaria sortu zuen 1867ko konpromisoaren idazketan parte hartu zuen. 1867an Frantzisko Josef enperadoreak Hungariako lehen ministro izendatu zuen. Ideia kontserbadoreko politikaria izan zen eta Inperioa Hego-ekialdeko Europara hedatzea defendatu zuen, ahal izanez gero britainiarren eta alemaniarren laguntzarekin. Errusia jo zuen aurkari nagusitzat eta ez zen fidatu eslaviar mugimendu nazionalistekin. 1871tik aurrera, Inperioko Atzerri ministroa izan zen, eta 1879an dimisioa eman behar izan zuen, Bosniaren anexioak eragindako kritiken ondoren.