Intxisua
Intxisua | |
---|---|
Euskal Herriko mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Ogibidea | sorginkeria |
Intxisua Euskal mitologiako pertsonaia bat da, iratxo edo sorgina izan daitekeena. Sinismenen arabera Oiartzunen edo Ataunen bizi zen. Oiartzungo inauterietako pertsonaia bat da. Baliteke Europan zehar mitologia anitzetan agertzen den goblin mota bat izatea.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jenderik bizi ez den tokietan edo leizeetan bizi den jeinua da. Tokiaren araberako sinesmenak daude Intxisuen gainean, hala nola, Ataunen (Gipuzkoa) edo Oiartzunen (Gipuzkoa).
Bertsioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ataun (Gipuzkoa) herrian, pertsonaia hau gizonezko sorgin bat zela diote. Intxixua, sorgina bezalakoa zen baina gizonezkoa. Hau dela eta, gure pertsonaiak sorginen antzera, zenbait kulturatan iragarpenak egin, espirituak aldarrikatu eta sendatzeko praktikak egiten zituena zen, ezkutuko ahalmenak eta produktu naturalak erabiliz; eta gainera, kontsultatzera joaten zitzaizkion pertsonak aholkatu eta gidatzen zituena. Gogoratu behar da gehienetan sorginak emakume generokoak zirela. Izan ere, sorginkeriarekin erlazionatutako lanbideak zegozkien, belagileak esate baterako. Haiek ziren jendea sendatzeko basa belarrak eta fruituak biltzearen arduradunak. Sorginek akelarreak egiten zituzten gauez.
Oiartzun (Gipuzkoa) herrian berriz, Arditurriko kobazuloetan erraz ezkutatu edo ihes egiten zuen iratxoa omen zen. Oso zaila ikustea, ez bakarrik lotsatia delako, baita bere izakera basatiarengatik ere. Inauterietan, ostiralean Aiako Harritik herrira jaitsi eta asteburu osoa pasatzen dute bertan. Igande arratsaldean berriz ere igotzen dira mendira eta urte osoa bertan pasatzen dute. Udala hartzen dute, hau da udaletxea igotzen dira eta bertan beraien bandera zintzilikatzen dute. 8 intxixu izaten dira, Oiartzungo auzo bakoitzeko bat. Hala ere, ihoteak ospatzen direnean pertsonaia gehiago daude eta intxixuen protagonismoa guztien artean banatzen ari da.
Sinesmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sinesmenek dioten moduan, Intxisuak oso txikiak ziren, metro bat baino gutxiagokoak (1,20 m), argalak, azal ilunekoak, bizardunak eta gorputza ile ugariz betetakoak. Mundu basatikoa izatea egotzita, zibilizaziotik at, mendiko kobazuloetan bizi omen ziren. Batzuek diote iratxo modukoak zirela eta indar handia zutela, baina badirudi indar hori gauetan bakarrik izaten zutela. Beste batzuek diote, emakumea sorgina zela eta bere senarra Intxisua. "Parte gaiztoko emakumezkoari sorgiña esaten zaion bezela, gizonezkoari intzizu edo intxizu esaten zaio Oiartzun aldean ere”. [1]
Herri-sinesmenen arabera, bertako mendietan dauden harrespiletan hilobiratuak izan ziren Intxisuak, sorginak... Esan beharrekoa dago, harrespilei mairubaratzak (mairuen hilerriak) esaten dietela, Aranon jentilbaratzak (jentilen hilerriak) esaten dietela eta, Ainhoan, berriz, mairularriak (mairuen hilerriak).
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batzuen ustetan[erreferentzia behar], Intxisu hitza gaztelerako “hechizo” hitzetik dator. Zer intxixo edo enkantu da gurea? Beste batzuen ustez[erreferentzia behar], Intxixu izenak Leltxu edo Iratxo hitzen beste antroponimo batzuen antza du. Hortaz, euskal jatorria izan lezake eta mitologiako fantasiazko iratxo mota hauekin erlazionatuta egon liteke. Modu askotan idatzita agertu da: intxisu, intxiso, intxixu, intxitxu, intxusi, itxiso …
Kultura herrikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun ere, gauean zehar inongo esplikaziorik gabe txakur bat zaunkaka hasten denean soinuak entzuten direnean, zera esateko ohitura dago; Intxisu hortik dabilela bereak egiten.
Haur batek barrabaskeria edo bihurrikeriaren bat egin badu, “Intxisua baino bihurriagoa zara” espresioa ere ezagutzen da.
Kondairak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontatzen da behin, Oiartzungo basozain batek, iratxo hauetako bat aurkitu zuela kobazulo batean. Bertatik, korrika batean eta gelditu gabe abiatu zen udaletxerantz ikusi zuena kontatzera. Bere hitzetan, koban aurkitu zuen izakiaren deskribapena, erdi gizakia eta erdi betizua (Pirineotako behi espeziea) omen zen.
Baita ere esaten da, pertsonaia misteriotsu bat topatu zutela Arditurrin; gehienetan gizona zela esaten zen baina emakumezkoa zela ere entzuna da. Meatzari batzuk topatu omen zuten, zeharo motelduta: "ahaleginak egin genituen berarekin hitz egiteko, euskaraz, gaztelaniaz eta baita frantsesez ere, baina ez genuen lortu". Denborarekin argalduz joan omen eta azkenean hil egin zen.
Folklorea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguruko monumentu megalitikoen eraikuntzaren erantzule da (beste pertsonaia mitologiko askoren kasuan bezala).
Euskal Herriko folklorea era guztietako jeinu txikiz josita dago, asko Intxixu bezala bertakoak dira eta Barandiaranek jaso zituen ahaztuta egon aurretik. Gure jeinuaren izaera harrespilen eta inguruko beste elementu megalitiko batzuen eraikuntzarekin nahasten da (tradizionalki Jentilei egotzitakoak). Eta intxixu da Oiartzungo eskualdean cromlechs-ak eraikitzearen ardura egozten zaion jeinua.
Gainera, oiartzuar batzuen ustez, mairu-baratzeak intxixuen hilerriak ziren eta Arditurriko meategiak ere haiek eginak ziren. Hona Lekuonak eginiko deskribapena:
"Ezkutatzen dira baina haien abestiak entzun daitezke. Harkaitz zuloetan bizi dira, aberastasunez inguratuak eta ez dituzte herritarrekin harremanak kultura desberdinekoak direlako." [2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intxixuaren jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.
Oso aspalditik Oiartzungo iratxo misteriotsu hauek euskal kulturako pertsonaia handien arreta erakarri dute, hala nola: Pio Baroja, Manuel Lekuona, Florencio Portu, Joxe Migel Barandiaran, Luis de Uranzu, Santiago Aizarna, Carlos Claveria edo Pello Añorga, esaterako. Burututako ikerlanek agerian uzten dute izaki mitiko hauek gure mitologian duten balioa; alabaina, garrantzia hori ez da behar bezainbat islatzen zoritxarrez mitologiari buruz egun zertzen diren lanetan, ezta gai honen inguruko literaturan ere, eta nolabaiteko misterioa mantentzen dute intxixuen inguruan, baina badirudi ezjakintasunagatik dela neurri batean, eta haiei buruzko informazioa oso sakabanatua dagoelako beste neurri batean.
Jose Migel Barandiaranek esate baterako, Euskal Herriko ohiko mito, pertsonaia eta kondairak ikertu zituen:
- Jenioak eta jainkotasunak: hainbat animalia-espezieren figura hartzen dutenak.
- Kobazuloetako biztanleak: kondairak eta uste paganoen istorioetako protagonistak.
Barandiaranek, esate baterako, Intxisu eta Jentilen arteko antzekotasuna azpimarratu zuen.
Dakigunez, Intxixuaren jatorria aztertzeko ahaleginak 1916an egin zituen orduko apaiza zen Florencio Portuk. Argitaratu gabeko eskuizkribuan dioenez, sorgina emakumea zen eta intxixua haren gizona, azti moduko bat.
Luis de Uranzu historiagilea izan zen Intxisuaren jatorriaz arduratu zena. Horretarako Arditurri inguruan baserriz baserri intxixuari buruzko informazioa jasotzen ibili zen, baina zoritxarrez hizketaldi haiek ia ez zuten deus argitaratu.
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Intxixu pertsonaiaren formarik ezagunena gizonezko sorgin edo sorginena dela baieztatzen du Juan Ignazio Uranga (1863-1934) gipuzkoar idazle eta antzerkigileak “Bakarrizketak” (1908-1917) obran, zehazki. Euskal Herrian 1915ean argitaratutako Sorgiñak kapituluak honako hauek bildu zituen:
"Oraiñ ere emen datoz intxisuak, sorgiñ zitalen aurrelariyak, pake maitiaren ondatzalle petralak, nere odolak irakiñaz zorne pikortuaz arri biurtzera, ta osasunaren zañariyak uztelduaz maxutatzera."
Erreferentzia literario honi esker ondoriozta dezakegu Oiartzunen bertsio zoomorfikoa izan arren, Gipuzkoako mitologian nagusi dena sorginkeriarena dela.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://sites.google.com/site/escueladesara/intxixu[Betiko hautsitako esteka]
- http://www.oiartzungoihotik.eus/
- http://www.oiartzungoihotik.eus/index.php/ipuin-eta-kondairak