Langile autonomo
Langile autonomoa, norbere konturako langilea[1] edo langile beregaina[2][3] dirua egiteko jarduera ekonomiko zuzena, ohikoa eta pertsonala burutzen duena, nahiz eta lan-kontraturik ez izan eta beste pertsona batzuen zerbitzu ordaindua erabili, enpresa indibidualaren edo familiarraren jabe izan edo ez[4].
Kontrakoa frogatzen ez bada, interesduna bere konturako langiletzat edo langile autonomotzat hartua izango da, baldin eta jabe, errentari, usufruktu gisa edo antzeko beste era batean establezimendu baten titulartasuna badu.
Langileen Estatutuaren (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua) 1.1. artikuluak besteren konturako langileak honela definitzen ditu: inoren kontura eta ordaindutako zerbitzuak beren borondatez betetzen dituzten langileak dira, beti ere beste pertsona batek antolatu eta zuzendutako eremuan izaten bada. Gainera, pertsona hori fisikoa edo juridikoa izan daiteke, Horregatik, definizio honetatik ondoriozta dezakegu beste baten konturako langileak bost ezaugarri dituela: borondatezkoa, menpekotasuna, soldatapekoa, besterentasuna eta pertsonala.
- Borondatezkoa: langileak berak erabakitzen du lan egitea; hau da, ez da derrigortutako lana.
- Menpekoa: enpresariak enpresa zuzentzen du eta langilea enpresariaren aginduen menpe dago.
- Soldatapekoa: langileak bere zerbitzuak eskaintzen ditu ordain ekonomiko baten truke.
- Besterentasuna: lanaren fruituak enpresariarenak dira eta ez langilearenak.
- Pertsonala: langileak berak egiten duen lana da; hau da, langile horrek ez du besteren bat bidaltzen bere lana egitera.
Bestetik, Langileen Estatutuaren 1.3. artikuluak kanpoan uzten ditu zenbait kolektibo eta horien artean langile autonomoak daude. Izan ere, autonomoak pertsona fisikoak dira norberaren kontura lan egiten dutenak eta inoren menpe ez daudenak. Beraz, langile autonomoek ez dute besterentasuna, menpekotasuna, ezta soldatapeko izaerarik, eta norberaren kontura eginiko irabazizko lana egiten dute.
Nortzuk dira langile autonomoak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zein langile sartzen dira multzo honetan? Gizarte Segurantzaren arabera, hurrengo hauek sartzen dira langile autonomoen definizioaren barruan:
- Normalean, modu pertsonal eta zuzenean eta lan kontratu bati lotu gabe, irabazizko jarduera ekonomikoa egiten duten 18 urtetik gorako langileak dira.
- Langile autonomoarekin normalean, modu pertsonal eta zuzenean, soldatarik gabe lanean aritzen den ezkontidea eta odol-ahaidetasun, ezkontza-ahaidetasun edo adopziozko bigarren mailarainoko senideak barnean daude (Langile Autonomoen Sistema Bereziaren langileen kasuan, hirugarren mailaraino).
- Liburu idazleak.
- Langile Autonomoaren Estatutuan (uztailaren 11ko 20/2007 Legea) arautzen diren langile autonomo ekonomikoki menpekoak.
- Espainiako lurraldean bizi eta euren jarduera legalki gauzatzen duten langile autonomo atzerritarrak.
- Euren kontura lan egiten duten profesionalak, euren lanak Langile Autonomoen Erregimen Berezian sartuta daudenean.
- Euren kontura lan egiten duten profesionalek, euren lanak Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Erregimen Berezian sartuta ez daudenak, baina Profesionalen Elkargoan sartuta, honako egon behar dutenak. Horretarako, honako ezaugarri hauek izan behardituzte:
- Elkargoko kide diren profesionalak euren jarduera 1995eko azaroaren 10 eta 1998ko abenduaren 31 artean hasi badute, Erregimen Berezi honetan alta eman behar zuten 1999ko lehen hiruhilekoa baino lehen. Aipatutako epean ezarritakoak izango dira, atzeratutako alten ondorioak araudiak ezarritakoak izango dira, jardueraren hasiera data 1999ko urtarrilaren 1ean ezarriz.
- Aurreko paragrafoetan ezarritakotik kanpo, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Erregimen Berezian ez dute alta eman beharrik, Profesionalen Elkargoak ezartzen duen Aurreikuspen Sozialeko Mutualitatean sartzea aukeratu duten edo zuten elkarteko kideak badira. Betiere, aipatutako Mutualitatea 1995eko azaroaren 10 baino lehen sortu zenetako bat bada. Eskubidea izan arren, interesduna Mutualitatean sartzen ez bada, etorkizunean ez du horretarako aukerarik izango.
- Sozietate erregular kolektiboetako eta sozietate komanditarioetako industria-bazkideak.
- Elkarlanerako kooperatibetako bazkide langileak, euren estatutuetan erregimen hori hautatzen dutenean. Kasu horretan, Erregimen Berezian sartzeko gutxienez 16 urte izan behar dira.
- Ondasun erkidegoetako eta sozietate zibil irregularren bazkideak.
- Zuzendari lanak eta kontseilari edo administratzaile karguak betetzeak dakarren gerentzia lanak egiten dituztenak, edo, normalean, eta modu pertsonal eta zuzenean, merkataritzako sozietate kapitalista bati irabazizko bestelako zerbitzuak eskaintzen dizkiotenak; betiere, horren zuzeneko edo zeharkako kontrol eraginkorra dutenean. Egoera hori dagoela ondorioztatuko da langilearen jarduerek ekartzen dutenean.
Aurkako frogarik ez badago, langileak sozietatea kontrolatzen duela pentsatuko da baldintza hauetako batzuk betetzen direnean:
- Gutxienez, bere zerbitzuak eskaintzen dizkion sozietatearen kapitalaren erdia, berarekin bizi diren eta ezkontide eta odol-ahaidetasun, ezkontza-ahaidetasun edo adopziozko ahaidetasuna duten bazkideen artean banatuta izatea.
- Bere partaidetza kapital sozialean, horren herenaren parekoa edo handiagoa izatea.
- Zuzendari edo gerentzia lanak egiten baditu, bere partaidetza kapital sozialean horren laurdenaren parekoa edo handiagoa izatea.
Aurreko baldintzak betetzen ez diren kasuetan, Administrazioak, edozein frogabide erabiliz, langileak sozietatearen kontrola duela erakutsi ahal izango du.
- Lan sozietateetako bazkide langileak, eurekin bizi diren eta ezkontide eta odol-ahaidetasun, ezkontza-ahaidetasun edo adopziozko senideekin, bigarren gradura artekoak, kapital sozialean duten partaidetza, gutxienez, ehuneko berrogeita hamarrera iristen denean, sozietatea kontrolatzeko familiaz kanpoko pertsonen parte hartzea beharrezkoa dela egiaztatzean izan ezik.
Nortzuk ez dira langile autonomoak?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zein langile ez dira sartzen multzo honetan? Gizarte Segurantzaren arabera, honako hauek langile autonomoaren definiziotik kanpo geratzen dira: Erregimen Berezi horretan ez dira sartuko norbere konturako langileak edo langile autonomoak euren jarduerek Gizarte Segurantzako beste erregimenetan sartzea dakartenean.
Langile autonomoen ezaugarri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bazkide kopurua: pertsona bakarra izaten da.
- Kapitala: ez da gutxieneko legezko kapitala existitzen. Autonomo gisa alta emateko ez da beharrezkoa gutxieneko kapital baten ekarpen bat egitea, ezta eraketa idazketa publikoa burutzea ere.
- Erantzukizuna: mugagabea da. Enpresari indibidualak direnez, momentuan dituzten eta etorkizunean izango dituzten ondasun guztiekin erantzungo diete euren enpresaren kudeaketatik sortutako erantzukizunei, merkataritza-ondarea edo pertsonala bada ere.
- Zerga-sistema: PFEZ. Autonomoei PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) aplikatzen zaie zergak ordaintzeko, eta izendapen komertzial zehatz bat erabili dezakete.
Langile autonomo motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Langileen jardueraren arabera, langile autonomo mota batzuk daude. Horrela, sei langile autonomo mota aurki ditzakegu Gizarte Segurantzaren Erregimenaren barruan sartzen direnak. Talde guzti hauek, Gizarte Segurantzan berdin kotizatzen dute eta arau berdinak dituzte; baina egiten dituzten jarduera desberdinen arabera bereizten dira sei taldeak:
- Langile autonomoak: enpresari txikiak dira eta euren negozioak aurrera eramaten dituzte.
- Autonomo profesionalak: Talde honen barruan beste bi azpitalde aurkitzen dira; kolegiatuak eta ez kolegiatuak direnak.
- Kolegiatuen barruan, medikuak, abokatuak edota psikologoak aurki ditzakegu talde honetan; eta batzuetan ez dute Autonomoen Eraentzan kotizatzen, baizik eta Profesionalen Elkarteen mutualitatearen bidez kotizatzen dute.
- Kolegiatuak ez diren taldearen barruan, adibidez honako hauek aurki ditzakegu: itzultzaileak, programatzaileak edota diseinatzaileak.
- Negozioaren tamainaren arabera, autonomo hauen menpe dauden langileak kontratatu ditzakete, baina normalean, gehienek lana etxetik egiten dutenez, jarduerak eurek bakarrik eramaten dituzte aurrera. Autonomo profesional hauei “freelance” ere esaten zaie
- Sozietateko langile autonomoak: talde honetan negozio handiak dituztenak aurki ditzakegu. Hauek, besteko langile autonomoek ez bezala, langile ugari izaten dituzte kontratatuak. Sozietatearen barruan gehiengoa izaten dute eta administratzaile gisa jarduten dute. Hala ere, Autonomoen Eraentzan kotitzatzen dute, beste langile autonomoek bezala.
- Menpeko langile autonomoak: diru-sarreren % 75 edo gehiago bezero bakarretik lortzen dutenak dira. Autonomo hauek bezeroarentzat egiten dute lan eta hauen menpe daude, gutxienez lan-errendimenduko eta jarduera ekonomiko edo profesionalaren %75-ean. Horrez gain, baldintza batzuk bete beharko dituzte. Hasteko, hirugarren baten jarduerak egiteko besteren konturako langile bat ezingo du kontratatu edo azpikontratatu. Bigarrenik, menpeko langile autonomoen jarduera era desberdindugabean bezeroen kontura egiten dituzten langileekin ezingo dute jardun. Hirugarrenik, jarduerarentzat beharrezkoak diren azpiegitura emankor eta berezko materiala eduki behar dute, jarduera horiek ekonomikoki nabarmenak direnean. Laugarrenik, berezko irizpide antolatzaileekin jarduerak garatu beharko dituzte, euren bezeroen argibide teknikoei kalterik egin gabe. Azkenik, jardueraren emaitzaren arabera kontraprestazio ekonomiko bat jaso beharko dute, bezeroekin itundutakoarekin bat eginez eta arriskuak euren gain hartuz.
- Nekazaritzako autonomoak: nekazaritza jardueretan aritzen diren autonomoak dira, eta Gizarte Segurantzan sistema berezi bat dute.
- Beste autonomo mota batzuk:
- Autonomo Kolaboratzaileak: ezkontideak eta senideak oholkidetasunaren bigarren mailarainokoak.
- Kooperatiben bazkide langileak, non autonomo gisa kotizatzea erabaki duten.
- Bazkide industrialak.
Marko juridikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zer arautegi aplikatzen zaie langile autonomoei?
- Merkataritzako Kodea (merkataritza-gaietan).
- Kode Zibila (eskubide eta obligazioen arloan).
- 20/2007ko Legea, uztailaren 11koa, Langile Autonomoen Estatutua.
- 197/2007ko Errege Dekretua eta 14/2013ko Legea, enpresa-sortzaileei eta haien internalizazioaren laguntzari buruzkoa.
Langile Autonomoaren Estatutuaren inguruko zenbait azalpen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Langile Autonomoaren Estatutua 2007. urtean sortu zen langile autonomoek besteren konturako langileen eskubide berdinak izan ditzaten. Lege honetan hainbat berrikuntza sortu zituzten; alde batetik, menpeko langile autonomoak araudi bat izateko eta, beste aldetik, langile autonomoek langabezia kobratzeko aukera izateko.
Lege honek hainbat aldaketa izan ditu:
- 4/2013ko Errege Lege Dekretua onartu zen eta hileko 50 euroko tarifa finkoa izatera igaro zen.
- Gizarte Ekonomia eta Langintza Autonomoa Sustatzeko Legea onartu zen, eta bertan, hainbat neurri ezarri zituzten; adibidez, 9 hilabetez langabezia jasotzeko aukera izatea.
Hala ere, marko juridikoak aldaketa batzuk jasan ditu urteetan zehar. Adibidez, 2010. urtean autonomoen langabezia-sarirako kotizazioak arautzen dituen legea sortu zuten.
Bestalde, 2007tik 2015era bitartean, Langile Autonomoaren Estatutuak aldaketa txiki batzuk izan ditu, batez ere gaur egungo egoerari egokitzeko asmoarekin; izan ere, gaur egun gero eta pertsona gehiago ausartzen dira negozio propioa eratzera.
Bestetik, 4/2013 Errege Lege Dekretua onartu zuten, langile ekintzaileak laguntzeko neurriei buruzkoa eta hazkunde bizkortzeari eta enplegua sustatzeari buruzkoa. Bertan, hileko 50 euroko tarifa finkoa onartu zen, 30 urtetik beherakoei dagokienez; geroztik, 2013ko irailean emandako Ekintzaileen Legearen bitartez, tarifa hori aldatu egin zen.
Azkenik, 2015eko irailaren 10ean, Gizarte Ekonomia eta Langintza Autonomoa Sustatzeko Legea argitaratu zen. 2015eko urriaren 10ean sartu zen indarrean lege hau, eta bertan zenbait neurri ezartzen dira; esate baterako, langile autonomoak 9 hilabetez langabezia-saria jasotzeko aukera izatea edo langabezia-saria berriro jasotzen hasteko eskabidea egiteko epea luzatzeko aukera izatea, 5 urtera arteko luzapenarekin. Betiere, autonomo gisa aritzen badira eta sari hura kobratzeari utzi badiote.
6/2017 Legea, urriaren 24koa, Lan Autonomoaren Presako Erreformari buruzkoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lege honen bidez zenbait erreformatan sakontzen da, halako langileentzat errazagoa izan dadin jarduera ekintzailea garatzea. Zortzi titulu ditu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hamahiru azken xedapen.
I. tituluan, langile autonomoen Gizarte Segurantzako kotizazioa errazteko eta administrazio-kargak gutxitzeko neurriak jasotzen dira. II. tituluan, langile autonomo berriei 50 euroren kuota murriztua hamabi hilabetera arte luzatuko zaiela ezartzen da, eta onura hori lehendik baziren beste batzuekin batera aurreikusten da. III. tituluak langile autonomoen lan-bizitza eta familia bateragarri egiten laguntzeko neurriak garatzen ditu. IV. tituluak, berriz, langile autonomoen eskubide kolektiboak hobetzen ditu. V. tituluaren bidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzen da. VI. tituluak langile autonomoen kotizazioa hobetzeko neurriak garatzen ditu. VII. tituluan, langile autonomoen enplegurako lanbide-heziketa hobetzeko neurriak jasotzen dira, eta VIII. tituluaren bidez, langileak parekatzen dira, laneko in itinere istripuen ondoriozko gertakariei dagokienez.
Langile autonomoen betebeharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Langile autonomoak beste langileek bezala hainbat betebehar dituzte eta betebehar hauek Langile Autonomoen Estatutuan (20/2007 Legea, uztailaren 11koa):
- Langile autonomoek euren artean egindako kontratuak bete beharko dituzte, betiere, legea errespetatuz eta fede onez jokatuz.
- Osasun eta laneko segurtasunaren inguruko neurriak bete eta errespetatu beharko dituzte.
- Autonomoen Eraentzan afiliatzeko beteharra, altak eta bajak jakinarazi eta bertan kotizatu behar dute.
- Fiskalitateko eta zergadun legeak ezartzen dituzten arauak bete beharko dituzte.
- Deontologiaren arauak bete beharko dituzte.
- Legeak ezarritako beste betebehar batzuk ere bete beharko dituzte.
Langile autonomoen babes soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Autonomoak Gizarte Segurantzako Autonomoen Eraentzaren barruan kokatzen dira; eta horregatik, hainbat laguntza izaten dituzte beste langileek bezala. Honen barruan, osasun-laguntza izaten dute eta prestazio ekonomikoak jasotzen dituzte. Bestalde, langile autonomoek elkartzeko eskubidea ere badute.
Langile autonomoen eskubideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen azaldu den bezala, langile autonomoek hainbat betebehar izango dituzte. Aldi berean, eskubideak ere izango dituzte, Langile Autonomoen Estatutuan aurkitzen direnak:
- Osasun-zerbitzuak: langile autonomoak beste edozein langile motak dituen eskubideak izango ditu. Gizarte Segurantzak zerbitzuak, medikamentuak, tratamenduak eta amatasuna babesten ditu.
- Aldi baterako ezgaitasuna: gaixotasunagatik edo istripu batengatik langileren batek hamabi hilabetez bajan egon behar badu, diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izango du.
- Amatasun laguntza: amatasun egoeran dauden beste edozein langilek bezala amatasun laguntza izateko eskubidea dute. Hau da, amatasunagatiko baja izateko eskubidea dute, eta Gizarte Segurantzaren % 100 jaso dezakete.
- Ezintasun iraunkorreko pentsioa: langile baten ohiko jarduera egiten jarraitu ezin dutenek biziarteko pentsioa jaso dezakete.
- Erretiroa izateko eskubidea: jarduera profesionalak iraun zuen bitartean kotizatutakoaren proportzionala izango da. Langile autonomoen pentsioak baxuagoak dira, baina, hala ere, erretiro aurreratua izateko erraztasun gehiago izaten dituzte.
- Heriotza edo biziraupeneko prestazioa: Eraentza Orokorreko edozein langilek duen eskubidea izango dute. Gainera, heriotza, alarguntza eta zurztasunagatiko laguntza jaso dezakete.
- Desenplegua: Europar Batasuneko beste herrialdeekin alderatuz gero, Espainian autonomoek desenplegua jasotzeko eskubidea dute.
Langile autonomoen bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizarte Segurantzako datuen arabera, krisiak eragina izan du autonomoen gain; izan ere, 2008tik gaur egun arte, % 8,6 autonomo gutxiago daude. Langile hauek 2013. urtetik suspertzen ari dira eta 2014. urtean biztanleriaren % 19 autonomoak izatera igaro ziren. Horrela, Gizarte Segurantzaren altak eta bajak handituz joan dira; eta nekazaritzako autonomoak izan dira kaltetuenak.
Gaur egun 3,2 milloi autonomo daude Gizarte Segurantzaren Erregimen desberdinetan. Horietatik, % 11,8 nekazaritzan aritzen da, % 4,4 industrian, % 10,8 eraikuntzan eta % 73 zerbitzu sektorean jarduten dute.
Bestetik, kopuru horren % 65,2 gizonak dira, eta % 34,8 emakumeak. Autonomoen % 71,9, gainera, 40 urtetik gorakoak izaten dira.
Langile autonomoak Gizarte Segurantzan kotizatzeko sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018an %29,80 kotizazio tipo minimoa zegoen eta kontingentzia arruntengatik bakarrik kotizatzen zen; gaur egun, 2019. urtean, % 30eko beharrezko tipoa erabiltzen dute. Beraz, gaur egun, honako hauek sartzen dira kotizazioaren barruan:
- Kontingentzia arruntagatik: % 28,3
- Kontingentzia profesionalagatik: % 0.9
- Jarduera eteteagatik: % 0,7
- Formazio profesionalagatik: % 0,1
- Guztira: % 30,00
Horrez gain, 2022rako tipoa % 31ra iristea espero da. Azaldutakoarekin jarraituz, gaur egun, langile autonomoen kotizazio minimoa hileko da, eta sozietateko autonomoena hileko 364,22 eurora iristea espero da. Lehen aipatutakoa aplikatuz, igoera hileko 5,36 eurokoa izango da, urteko 64 euro; aldiz, sozietateko autonomoek 6,89 euroko igoera izango dute hilean, eta urtean 82 eurokoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Norbere konturako langile» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-21).
- ↑ «travailleur | frantses-euskara hiztegi elektronikoa | Nola Erran» www.nolaerran.org (Noiz kontsultatua: 2021-09-28).
- ↑ «Zehazki - UPV/EHU» www.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
- ↑ Trabajador autónomo. Seguridad Social.