Mohs eskala
Mohs eskala gogortasunaren arabera sailkatutako hainbat mineralen zerrenda da, beste mineralen gogortasuna neurtzeko erabilia. Eskalaren oinarrizko ideia da goiko mailako materialak beheko mailakoa urra dezakeela. Friedrich Mohs mineralogoak sortu zuen 1812an, eta gogortasuna neurtzeko existitzen den neurrietako bat da. Haatik, metodoa bera zaharragoa da, Plinio Zaharrak K.a. 77. urtean idatzitako Naturalis Historia liburuan aipatu baitzuen.
Eskalaren funtsa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mohsek erraz eskuratzen diren hamar mineraletan oinarritu zuen eskala. Modu naturalean existitzen den substantziarik gogorrena izanik, diamantea eskalaren goialdean dago. Mineral baten gogortasuna neurtzeko, aipatu mineralak urra dezakeen eskalako materialik gogorrena (edo minerala urratzen duen materialik bigunena) bilatzen da. Esaterako, minerala apatitoak urratzen badu, baina fluoritak ez, bere gogortasuna Mohs eskalako 4 eta 5 artean egongo da.
Mohs eskala, eskala ordinal hutsa da, alegia, mailen arteko diferentziek ez dute eredu jakinik jarraitzen. Esate baterako, korindoia (9 gogortasuna) topazioa (8 gogortasuna) baino 2 aldiz gogorragoa da, baina diamantea (10) korindoia baino ia lau aldiz gogorragoa da. Ondoko taulan Mohsen eskalako elementuak, haien formula kimikoa eta haien benetako gogortasuna adierazten dira.
Gogortasuna | Minerala | Iruzkina | Osaera kimikoa | Gogortasun absolutua |
---|---|---|---|---|
1 | Talkoa | Azazkalarekin urratzen da | Mg3Si4O10(OH)2 | 1 |
2 | Igeltsua | Azazkalaren urratzen da, baina zailago | CaSO4·2H2O | 2 |
3 | Kaltzita | Kobrezko txanponekin urratzen da | CaCO3 | 9 |
4 | Fluorita | Aiztoarekin urratzen da | CaF2 | 21 |
5 | Apatitoa | Aiztoarekin urratzen da, baina zailago | Ca5(PO4)3(OH-,Cl-,F-) | 48 |
6 | Ortosa | Altzairuzko lixarekin urratzen da | KAlSi3O8 | 72 |
7 | Kuartzoa | Beira urratzen du | SiO2 | 100 |
8 | Topazioa | Aurreko guztiak urratzen ditu | Al2SiO4(OH-,F-)2 | 200 |
9 | Korindoia | Zafiroak eta errubiak korindoiaren aldaerak dira | Al2O3 | 400 |
10 | Diamantea | Mineralik gogorrena da | C | 1.500 |