Maurizia Aldeiturriaga
Maurizia Aldeiturriaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Zeberio, 1904ko irailaren 22a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Artea, 1988ko maiatzaren 19a (83 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Benantzio Bernaola Intxaurbe |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikaria eta nekazaria |
Musika instrumentua | abeslaria panderoa |
Maurizia Aldeiturriaga Zabala (Zeberio, Bizkaia, 1904ko irailaren 22a - Artea, Bizkaia, 1988ko maiatzaren 19a)[1][2] trikiti musikako pandero jotzailea eta abeslaria izan zen.[3]
Biografia[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeberioko Egia auzoan jaio zen, eta txikitatik panderoa jotzen eta koplak inprobisatzen ikasi zuen. Aita Frantziskok eta neba nagusiak panderoa jotzen zuten. Mauriziaren lehen irakaslea, osaba Kalisto izan zen. Berarengandik ikasitakoa igande arratsaldeetan lantzen zuen bere gelan sartuta. Bederatzi urte zituela neskame joan zen Basurtura, ganadu tratante baten etxera. Han hiru urte inguru eman ondoren, berriz ere Zeberiora itzuli eta Ugaoko hariki fabrikan hasi zen lanean. Hamabi urte besterik ez zuela hasi zen Maurizia jaiegun eta festetan herriko plazetan jotzen Joakin Goti, Jose Rotaetxea eta Juan Txapelegaz.[4][5] Plazarik plaza ibiliz ezagun bihurtu zen.
Panderoa jotzen eta kopla zaharrak abesten aritu zen 17 urterekin ezagutu zuen Benantzio Bernaolarekin(Karakol). Mauriziari Benantzioren jotzeko modu bizi eta gogorra gustatu eta elkarrekin jotzen hasteko proposamena egin zion. Hasieran musika bikotea izan zena geroago senarra izan zen. Bikote bikaina osatu zuten.
Ezkondutakoan bizimodu berari eutsi zioten, jaiegunetan musikari, eta gainontzeko egunetan gogor lan egiten zuten: Mauriziak baserrian eta senarrak fabrikan. Mauriziak zeraman baserriaren ardura, indartsua zen.
Gerra garaian eten egin zen musika-jarduera, Benantzio preso egon zen hiru urtez, eta panderoa eta eskusoinua gordeta egon ziren bitartean. Urteak pasata apurka-apurka hasi ziren berriro jotzen. Geroago, Leon Bilbao, herriko albokariarekin osatu zuten hirukotea.
Benantzio, bihotzeko gaixotasunak jota, etxean geratu zenean, Fasio Arandia trikitilariak hartu zuen haren tokia. 1964an hasita hogei urtez aritu ziren hirurak elkarrekin. Fasio hil ostean, Basilio Undagoitia soinujole, pandereteru eta trikitilariak jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin.
Benantzio 1978an hilda, makalaldi handia pasa zuen Mauriziak. Baina handik atera ahal izan zen etxeko eta lagunen laguntzarekin.
1988ko maiatzaren 19an hil zen, Artean, eta ia hil arte jo izan zuen panderoa. [6]
Ezaugarriak[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekitaldia baino lehen beti erretzen zituen egunkari-orri batzuk, horren beroarekin panderoko larrua puntu-puntuan jartzeko.
Abesteko modu kementsua zen Mauriziaren musikaren ezaugarri nagusia. Mauriziaren ahotsa basatia eta primitiboa zen, eta indartsua batez ere. Asko barik, ospetsua bihurtu zen bere ahotsa. Ahots grabea zuen emakumeak, sendoa, basatia, eta erakargarria. Behetik kantatzen hasten bazen ere, goitik amaitzea gustatzen zitzaion, oktaba bat igo eta abestia goitik errematatu.
Harrigarria bada ere, musikari belaunaldi berriko gazteak ere liluratu zituen. Hertzainak taldeko Josu Zabala edo Kortatuko Fermin Muguruza eta abar luze batentzat, garaiko punki mugimenduarentzat alegia, Mauriziaren abesteko era askatua eredu bihurtu zen. Euskal Rockarentzat Maurizia beste garai bateko punkirik punkiena izan zen. Fermin Muguruza abeslaria ere miresle sutsua izan da betidanik.
Inora joateko beti jantzi tradizionala erabiltzen zuten, baita estudioan grabatzeko ere. Horrelaxe gogoratzen dituzte bai Juan Mari Beltranek bai Ruper Ordorikak beraiekin grabatzen aritu ziren egunetan.
Diskoak[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Grabazio hauexek egin zituen:[1]
- Leon, Maurizia, Fasio eta Basilio: Alboka eta trikitixa (1998) Maurizia, Leon eta Basilio CD Elkar-Triki 95. Hil baino hilabete batzuk lehenago grabatua, 83 urte beteta zituela. Lehenago argitaraturiko bi LP batzen ditu (32 pieza):
- Maurizia Leon eta Basilio LP. Elkar, 1988.
- Alboka eta Trikitixa. Leon Maurizia eta Fasio LP. - Xoxoa, 1979
- Juan Mari Beltran: Euskal Herriko soinu tresnak (1985)
- Euskal Herriko soinu-tresnak. LP eta kasetea, Kea, 1985. Mauriziak Leonekin batera aurkezpena eta bi korte ditu: «Porrusalda buelta bikoak» (herrikoia) eta «Martxea» (herrikoia). 1991n CDan berrargitaratu zuen Elkarrek
- Bai euskarari jaialdia. 1978-6-17 San Mames. Kasetea. Partaideak: Pantxoa eta Peio, Iriondo, J.M. Llona, AitaVillasante, J.L. Davant, Leon eta Maurizia, Dulzaineros de Alava.
- Herrikoa musika. LP Movie Play, 1977. Mauriziak Leonekin batera hiru korte ditu: «Jotea» (Herr./Maurizia) 2’07,«Porrusaldea» (Herrik./Maurizia) 1’37 eta «Biribilketea» (Herr./Maurizia) 4’42.
- ARRATIA. Herri Musika Sorta 15.LP. Edigsa, 1976. Benantzio Bernaolaren bi joaldi barru: «Martxea» (Trad.)1:51 eta «Porrue» (Trad) 1:42.
Omenaldiak eta errekonozimenduak[1]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fermin Muguruzak 1985ean Kortatu taldearen lehen diskoan Tolosako inauteriak abestian sarrera gisa kopla bat erabili zuten Mauriziaren ahotsean panderoaren erritmoarekin, Leon eta Basilio lagun.[7]
- Iurretako Jai batzordearen sarian 1976an Benantzio Karakol omendu zuten eta Mauriziak berak jarri zion egun euritsu hartan txapela senarrari buruan. 1974tik trikitilari, albokari, dultzainero, edo pandero-jotzaileren bat edo gehiago omentzeko.
- Iurretako Jai batzordeak 1982an Maurizia omendu zuen.
- 1996ko abenduaren 1ean, hil ostean, Arteako Udalak eta Gorbeia-Urkiola partzuergo turistikoak, Kepa Junkeraren laguntzaz, omenaldi beroa eskaini zien Maurizia eta Leoni. Eurak omenezko eskultura zabaldu zuten eta iluntze aldean ospatu zen jaialdia musikari eta kantari zerrenda ikaragarri batekin. Han izan ziren Mikel Laboa, Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Ruper Ordorika, Tapia eta Leturia, Maixa eta Itziar, Hiru-Truku, Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez (Oskorri), Xiradela, Ibon Koteron eta Kepa Junkera.
- 2005eko abenduaren 30ean Zeberioko herriak omenaldia eskaini zion Mauriziari. Herriko frontoian bere argazki bat dago bere burua animatzeko bere betiko oihuarekin: "Aupa Maurizia" [8]
- 2014an Maurizia izeneko erraldoia egin zuten Areatzan, Gure musikari handiak egitasmoaren barruan.[9]
- 2016an Aukeran dantza konpainiak Maurizia dantza eta musika ikuskizuna taularatu zuen. Harrezkero hainbat herritan ikusgai egon dena.[10]
- 2023an Nor da Maurizia? ikuskizun pedagogikoa; musikea eta jantzea sortu eta taularatu zen. Gidoia Itxaso Paiak egin zuen.[11][12]
- 2023an Maurizia Aldaiturriagari buruzko Aire dokumentala estreinatuko da. [13] [14]
Aupa Maurizia!
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« |
- Maurizia. |
» |
HABE - Aldizkari Digitala[15] |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f «Maurizia Aldeiturriaga» (pdf) Bidegileak (Noiz kontsultatua: 2016-6-28).
- ↑ «Maurizia Aldeiturriaga Zabala» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2016-6-28).
- ↑ (Ingelesez) Hepworth-Sawyer, Russ; Hodgson, Jay; King, Liesl; Marrington, Mark. (2020-04-07). Gender in Music Production. CRC Press ISBN 978-0-429-87586-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-25).
- ↑ Aldeiturriaga, Maurizia; Bilbao, Leon. Alboka. Euskal Herriko Soinu Tresnak. .
- ↑ De la Maza, Gabi. (2013). Baltxakua (Esne zopak). Gaztelupeko hotsak. Txantxangorria.
- ↑ Ane Etxebarria. «Maurizia Aldeiturriaga panderojolea eta abeslaria - Denbora lerroa.» Timetoast timelines (Noiz kontsultatua: 2021-06-27).
- ↑ Kortatu. (1985). Tolosa Inauteriak abestia. Kortatu Albuma. Soñua-- Youtube.
- ↑ Otamendi, Koldo. (2020). «Musika Zuzenean TB #106: Maria Rivero» hamaika.eus (Hamaika Telebista) (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
- ↑ Larrabe, Ainhoa. «Hiru metroko ondarea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-23).
- ↑ Produkzioak, Bapo Bapo. (2016-06-01). «Maurizia – Aukeran Dantza Konpania» Bapo Bapo Produkzioak (Noiz kontsultatua: 2023-05-19).
- ↑ «'Nor da Maurizia?'» www.kulturklik.euskadi.eus 2023-02-23 (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
- ↑ «'Nor da Maurizia?' ikuskizun pedagogikoa ikusteko aukerea egongo da Igorren - Igorre» Begitu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-20).
- ↑ Gorriti, Iban. (2023-01-10). «El documental ‘Aire’ valorizará a la icónica panderetera Maurizia en el siglo XXI» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-05-19).
- ↑ «"Maurizia" · Aukeran Dantza Konpainia» Social Antzoki (Noiz kontsultatua: 2023-05-19).
- ↑ «HABE - Aldizkari Digitala: Maurizia Aldeiturriaga, pandero-jotzailea» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-27).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bideoak: Mauriziaren hainbat abesti
- Agurtzane Intxaurraga: Maurizia Aldeiturriaga, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2006 (Bidegileak bilduma, 44. zenbakia).
- Igor Estankona Bilbao: «Maurizia Aldeiturriaga Zabala», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- «Ahots bereziak: Maurizia Aldeiturriaga», Txorierri BHI ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleen musikako bloga.