Mikroplastiko
Mikroplastikoak 5 mm baino gutxiagoko luzera duten eta ingurumena kutsatzen duten plastikoak dira Estatu Batuetako Administrazio Nazional Ozeaniko eta Atmosferikoaren (NOAA) arabera.
Gaur egun, mikroplastikoen sailkapenari dagokionez bi motatakoak izan daitezkeela esaten da, primarioak edo sekundarioak. Primarioak produktu bat fabrikatzeko orduan zuzenean sortzen diren 5 mm- tik beherako plastikoak dira eta sekundarioak aldiz, prozesu naturalen bitartez plastiko handiagoen degradazio prozesuetan askatzen diren 5 mm- tik beherako plastiko zatiak dira.
Iturriak hainbat izan daitezke, eguneroko bizitzan beharrezkoak diren hainbat prozesuren azpi-produktuak baitira, baina nagusienak kosmetikoak, arropa, arrantza-gaiak, prozesu industrialak eta orokorrean egunerokotasunean erabilitako plastikoen hondakinak dira.
Mikroplastikoen ezaugarrietako bat biodegradaezinak direla da, zati txikiagoetan deskonposatzen baitira. Prozesu horrek mikroplastikoak ingurumeneko ekosistema ezberdinetan errazago sartzea ahalbidetzen du eta organismo askok material hauek xurgatzen dituzte, izan zuzeneko kontaktuz edo elikagai edo aire bidez. Hauen kontzentrazioa organismoen barruan handitu egiten da, organismoak berak metatuz edo kate trofikoan metatuz, kontzentrazio toxikoak lortuz eta gaixotasun edo heriotza eraginez.