Palmondo olio
Palmondo olioa edo palma olioa landare olio jangarri bat da, olio palmondo afrikarraren (Elaeis guineensis) fruituaren mesokarpotik ateratzen dena.[1] Munduan gehien kontsumitzen den landare olioa da.[2] Afrika, Hego Amerika eta Asiako sukaldaritzako ohiko osagaia izateaz gain, gaur egun, batez ere, industrian erabiltzen da: % 80 janari industrian, % 19 kosmetikan eta % 1 bioerregaiak egiteko. Elikagai prozesatuen erdiek palma olioa dute, biguntasuna emateko eta kontserbazioa errazteko. Baina, gehienbat, merkea delako erabiltzen da. Izan ere, olio palmondoaren etekina hektareako sojarena halako hamar da.
Palma olioa laranja-kolorekoa da, beta-karotenoan oso aberatsa delako. Beroak molekula hauek suntsitzen baititu, zenbait minutuz irakin ostean zuri bihurtzen da. Gantz-azido aseak dituen landare-olio gutxienetakoa da. Gantz-azido ase horiengatik, giro-tenperaturan erdi-solidoa da eta 35 °C eta 42 °C arteko fusio-puntua du.
Osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gantz-azido aseetan aberatsa den landare olio bakarrenetako bat da. Hori dela eta, palma olioa maiz kontsumitzea osasunarentzako kaltegarria da, odoleko LDL kolesterol maila igotzea eragiten duelako.[3][4][5]
Gantz-azidoak | Ehunekoa | |
---|---|---|
aseak | azido palmitikoa | % 44 |
azido estearikoa | % 4,5 | |
azido miristikoa | % 1 | |
monoasegabeak | azido oleikoa | % 38 |
poliasegabeak | azido linoleikoa | % 10 |
azido linolenikoa | % 0,5 |
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontsumitzaile nagusia janari industria da. Elikagai prozesatu askoren osagaia da: frijitukiak, margarinak, aurrez sukaldatutako jakiak, zorrotxoko zopak, patata frijituak, izozkiak, opil industrialak, galletak...[6] Askotan etiketa nutrizionaletan ezkutaturik egoten da, "landare olio" edo "landare koipe" gisa[7]. Horrez gain, kosmetikan ere erabiltzen da, xaboiak eta perfumeak (zibetona) egiteko, eta baita bioerregaien ekoizpenean ere.
Munduko ekoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Palma olioaren kontsumoa etengabe hazten ari da, eta 2010etik munduan gehien kontsumitzen den landare olioa da[8]. Indonesia eta Malaysia dira produktorerik handienak (munduko esportazioen % 89 inguru 2010ean). Inportatzaile handienak India, Txina, Europar Batasuna eta Pakistan dira[9].
Tokia | Herrialdea | Tonak[10] |
---|---|---|
1 | Indonesia | 21.534.000 |
2 | Malaysia | 16.993.000 |
3 | Thailandia | 1.287.510 |
4 | Nigeria | 1.086.600 |
5 | Kolonbia | 800.000 |
6 | Papua Ginea Berria | 500.000 |
7 | Boli Kosta | 300.000 |
8 | Ekuador | 289.900 |
9 | Honduras | 275.000 |
10 | Brasil | 250.000 |
11 | Txina | 245.400 |
12 | Costa Rica | 210.905 |
13 | Kongoko Errepublika Demokratikoa | 187.000 |
14 | Guatemala | 182.000 |
15 | Ghana | 120.000 |
16 | Kamerun | 111.440 |
17 | Filipinak | 92.000 |
18 | Venezuela | 75.000 |
19 | Mexiko | 68.000 |
20 | Angola | 57.000 |
Kezka ekologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Palmondo olioaren ekoizpenak, herrialde tropikal askotan, desforestazioa ekarri duela ondorio salatu izan dute erakunde ekologistek. Indonesian da larria arazoa hau bereziki, baina baita Kolonbian, Hondurasen, Guatemalan eta Mozambiken[11]. Baso tropikalen ondoren, eskualde batzuetan, baso zingiratsuak txikitzera igaro dira, zeinak askoz zailagoak diren ustiatzeko, baina drainatze eta lehortze prozesuen ondorioz egokitu daitezke: Malaysian gertatzen ari da hori 21. mendearen lehen laurdenean, non zohikaztegi tropikalak drainatzean palmondoak landatzeko, beste albo-kalte batzuk eragiten ari diren: lurzoruko oxigeno-maila handitzen da, eta horrek materia organikoaren deskonposizio-tasa handitzen du; ondorioz, drainatutako zohikaztegietan CO2 isuri handiak sortzen dira. baso zingiratsuak palmondo-landaketa bihurtzea eragiten ari den berotegi-efektuko gasen isuria Malayisiako isuriaren laurdena izan liteke[12].
Basoak galtzearekin batera, bioaniztasun galera gertatu ohi da, eta ongarri eta pestiziden erabilera gehiegizkoa. Palmondo landatzen diren lurretako biztanleek ere kalteak jasaten dituzte, enpresa handiak beren lurrez jabetzen direlako. Askotan giza eskubideen urraketak gertatu izan direla salatu izan duten Greenpeace eta beste erakunde batzuek, batez ere negozioari enbarazu egiten dioten herritarrak bertatik kanporatzeko prozesuan[13].
Marka komertzial asko jabetu dira protesta kanpainez, eta ohikoak dira "palmondo oliorik gabe" dioten oharrak produktu estalkietan. Eta berean, palmondoak modu jasangarrian hazten direlako agiriak ere sortu izan dira[14].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «palmondo-olio», Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa, Elhuyar Fundazioa. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa baimenarekin argitaratua.
- ↑ (Ingelesez) Palm Oil Continues to Dominate Global Consumption in 2006/07 United States Department of Agriculture
- ↑ Olibaz, ekilorez, soiaz, artoz... eginiko olioak. Osasuntsuak eta ezinbestekoak elikabidean Eroski Consumer
- ↑ Rosalie Marion BLISS: El aceite de palma no es un sucedáneo saludable de los ácidos grasos trans United States Department of Agriculture. Agricultural Research Service
- ↑ EiTB. (2017/04/04). Zergatik da kaltegarria palmako olioa?. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Sophie ESMIOL: Aceite de palma: usos, orígenes e impactos www.tierra.org
- ↑ Esklerosi anizkoitza, hezueria eta psoriasia Euskal Herritar Medikuntza
- ↑ Elisabeth D. INANDIAK: Malaisie : enquête sur l'huile de palme Geo.fr
- ↑ Table 11: Palm Oil: World Supply and Distribution United States Department of Agriculture. Foreign Agricultural Service
- ↑ Faostat: 2010eko palma olio ekoizpena
- ↑ Erredakzioa. «Palmondo olioaren orban zabala» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ Egoitz, Etxebeste Aduriz. (2020-01-21). «Palma-olioa ekoizteak gero eta kalte handiagoa eragiten du ingurumenean» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ Oria, Jose Angel. (2016-04-03). «Hortzak garbitzeko, basoak suntsitu?» 7K Gara / naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
- ↑ Palma-olio jasangarria | Consumer. 2011-06-29 (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).