Edukira joan

Tulebras

Koordenatuak: 41°58′36″N 1°40′35″W / 41.976666666667°N 1.6763888888889°W / 41.976666666667; -1.6763888888889
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tulebras
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria

Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
Merindadea Tutera
EskualdeaNafarroako Erribera
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofizialaTulebras
AlkateaRafael Ayensa Pascual
(AIT, indep.)
Posta kodea31xxx
INE kodea31233
Herritarratulebrastar
Geografia
Koordenatuak41°58′36″N 1°40′35″W / 41.976666666667°N 1.6763888888889°W / 41.976666666667; -1.6763888888889
Azalera3,82 km²
Distantzia105 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria148 (2023:  −4)
alt_left 77 (%52)(2019) (%34,5) 51 alt_right
Dentsitatea0,39 bizt/km²
Zahartzea[1]% 27,29
Ugalkortasuna[1]‰ 50
Ekonomia
Jarduera[1]% 0 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 16,57 (2013)
Euskara
Euskaldunak[2][3]% 1,90 (2018: %1,9)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.tulebras.es/


Tulebras[4] ([tuleβras]) Nafarroako udalerria da. Tuterako merindadeko herri honek 125 biztanle zituen 2014. urteko erroldaren arabera. Nafarroako hiriburutik 105 kilometrora dago.

Inguru naturala eta kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa hegoaldean dago, Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean. Herrira heltzeko N-121-C errepidea hartu behar da, Cascante-Monteagudoko noranzkoan.

Tulebrasek Cascanterekin egiten du muga iparraldean eta mendebaldean, Barillasekin ekialde eta hegoaldean, eta Monteagudorekin hegoaldean.

Klima eta landaredia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko klima, mediterraneo idorra da, prezipitazioak urriak dira (350-400mm inguru urtean) eta 60 egun baino gutxiagotan jausten dira. Udak lehorrak izaten dira, eta tenperaturak nahiko aldakorrak izaten dira, aldaketa termikoa handia da (urteroko batez besteko tenperatura 14 gradukoa da). Iparraldeko zierzo haizeak maiz jotzen du urtaro gehienetan. Dena den, uda garaian hegoaldeko haize beroa nagusitzen da.

Jatorrizko landaredia guztiz desagertu da gizakiaren eragina dela eta eta gaur egun, laborantza lurrak eta sastrakak aurki daitezke herriaren inguruan. Tarazonako "bide berdea"k udalerriaren mugak zeharkatzen ditu, antzinako trenbidearen lekua hartuz.

Herria Karidadeko Andre Mariaren monasterioaren ondoan jaio zen, monasterioko zentsu-hartzaile eta morroien eskutik. XVIII. mende arte, Tulebras herrixka xumea baino ez zen izan, XIX. mendean jaunen eskubideak bertan behera geratu zirenean, udalerri independente bihurtu zen. Mojak 1157an heldu ziren toki honetara Tuteratik, monasterio berria eraikitzeko toki lasai baten bila. Dena den, Tulebras ezarri zen gunean, erromatar eta musulmanen garaietako aztarnak aurkitu dira. Herriaren izena agertzen den lehen dokumentu idatzia 1157koa da, bertan "Tolebras" izeneko gunea aipatzen da. Historialarien ustez, izen hau, monasterioaren aurretiko herrixka musulmana izendatzen du. Herrixka musulman hau, Cascantum herri erromatarren inguruan sortu ziren herrixka erromatarraren ondorengoa izan zen.

XIV. mendean, herriak Gaztelaren aurkako gerren kaltean jasan zituen, eta 1378an herria erabat deuseztu zuten. Tulebras utzik geratu zen, eta moja ez beste biztanle guztiek, ihes egin zuten. Ondoren, herria birpopulatu behar izan zuten, eta mojek tulebrastarren bizimodua errazteko, inguruko lurren gaineko emakidak egin zituzten, herritarren emigrazioa geldiarazten saiatzeko.

XIX. mendearen erdialdean, Tulebrasko umeek Cascanteko eskolara joaten ziren, eta gutunak Tuteratik jasotzen ziren. Herriak gaur egun erabilitako armarria 1841ean ezarri zen, aurretik monasterioaren armarri bera erabili zutelarik. Azpiegiturak hobetuz joan ziren XX. mendeak aurrera egin ahala eta horrela Barillastik zehar zihoan Aragoiko errepidea eraiki zen. Horrez gain, Tarazonatik etorritako elektrizitate-hariak jarri ziren.

XX. mendearen hasieran, herriak irina ekoizten zuen errota, hainbat upategi, okindegia, taberna eta eskola zeuzkan. Monasterioaren lurrek hainbat jabe izan zituzten, gehienak, inguruetako nobleziako familiak. Azkenik, 1956an Nafarroako Foru Aldundiak lurrak erosi eta herriko familien artean saldu zituen.

Tulebrasko jarduera ekonomiko nagusia nekazaria da, nahiz eta XX. mendean zehar bere garrantzia gutxituz joan den. 1990eko hamarkadan esaterako, herritarren bi heren nekazaritzan lan egiten zuen arren, lehen sektorea euren lanbide nagusia denen kopurua txikiagoa da, biztanleriaren %40. Askorentzat, nekazaritza, aisialdirako iharduera baino ez da gaur egun.

Laborantza lur gehienak ureztatuak dira, eta bertan olibondo eta mahastiak landaturik daude. Olibondoen azalera gutxituz joan da eta 1891an 134 hektarea hartzen bazituzten, 1982an kopuru hori 89 hektareara murriztu zen. Mahastiak 1891eko 42 hektareatatik 1979ko 33 hektareara igaro dira. Bestelako landaketen artean, alpapa, fruitu arbolak eta patata daude. Abeltzaintza oso murriztua da, zaldi eta astoak erabiltzen dira batez ere. Lur komunak beti izan dira oso eskasak, 17 hektarea larre lur baino ez.

Bigarren eta hirugarren sektoreak handitu diren arren, bigarren mailako jarduera izaten jarraitzen dute, batez ere, ura banaketa, dendaren bat eta udal bulegoetara mugatuz. Gaur egun, tulebrastar askok, Tutera inguruko industrialdetan egiten dute lan.

Tulebrasko biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko hamaika etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %8,80a (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Udal hauteskundeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tulebrasko alkatea Agrupación Independiente de Tulebras (AIT) herri ekimeneko Rafael Aiensa Pascual da 2007ko udal hauteskundeez geroztik. Urte horretan Udaleko bost zinegotziak AIT taldekoak izan ziren. Ez zen baliogabeko botorik izan eta zurizko 4 boto izan ziren (botoen %4,21a). Abstentzioa %12,84koa izan zen.

Tulebrasko Udala (2007)
Alderdia Botoak Aukeratua?
Rafael Aiensa Pascual (AIT) 63 Bai
Angel Maria Perez Martinez (AIT) 47 Bai
Teresa Torres Fernandez (AIT) 46 Bai
Elena Planas Callao (AIT) 42 Bai
Maria Luisa Torres Pascual (AIT) 37 Bai

2011ko udal hauteskundeetan ere AIT izan zen aurkeztutako bakarra eta Ayensak alkatetza gorde izan zuen[5].

Udaletxea, komentuari atxikita dago eta XX. mendeko eraikuntza modernoa da, inolako berezitasunik ez duena. Komentuaren estilo klasikoari kontrajartzen zaio. Udala alkatea eta lau zinegotzik osatzen dute.

Tulebrasko udaleko idazkaria, Monteagudo eta Barillasko idazkari ere bada.

  • HELBIDEA: Tuterako errepidea, 1
2007-2011 Rafael Ayensa Pascual AIT
2011-2015 Rafael Ayensa Pascual AIT

Azpiegitura eta garraioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Conda autobus konpainiaren Tarazona eta Iruñea bitarteko autobus lineak geltokia dauka Tulebrasen, eta noranzko bakoitzean ibilaldi bakarra egiten du eguneko. Iruñean autobusa aldatuz Irunera arte joatea dago. Autobusak honako ibilbidea egiten du:

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Tulebras eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, ez dago euskara dakien herritarrik Tulebrasen.

Jaiak eta ospakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriko jaiak abuztuaren 19tik abuztuaren 22ra ospatzen dira San Bernardoren omenez. Herriko patroiak San Bernardo eta Camako Ama birijina dira. Jaietan, herriko biztanleria asko hazten da eta ekitaldi kultural eta gastronomikoak antolatzen dira. Erriberako herri askotako jaietan gertatu bezala, jaietako ekitaldirik jendetsuena "entzierro txikiak" izaten dira.

Urtarrilaren 17an, San Antonen omenezko jaia ospatzen da. Herritarrek herriaren mendebaldeko muturrean dagoen San Antonen irudiraino joaten dira prozesioan. Gaua heltzea, herritarrak suaren inguruan biltzen dira, patata egosiak, txistorra eta olioaz bustitako txigorkiak.

Tulebras "Queiles haraneko zerbitzu sozialen mankomunitateko" kidea da. Zaborra biltzeaz "Erriberako hondakin solidoen kudeaketarako mankomunitatea" arduratzen da eta ur-horniduraz "Moncayoko uren mankomunitatea".

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tulebrasko monasterioaren barnealdea

Tulebrasko monasterioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz Tuteran eraiki zen, 1149. urtearen inguruan, Dueñasko Andre Mariari eskainia, zistertar ordenaren emakumezkoen lehen egoitza. 1157an Antso Jakituna erregearen erabaki baten ondorioz, Tulebrasera aldatu ziren mojak. Monasterioa Queiles ibaiaren ertzean berreraiki zuten XII. mendearen amaieran, nabe bakarreko eraikina eta abside erdizirkularrekoa.

Eraikinaren kanpoaldean harlanduzko hormak eta estilo erromanikoko portada txikia ebanjelioaren ondoan. Kanpoaldean estilo gotikoan eraikitako Karitateko Ama Birjinaren XIV. mendeko irudi bat nabarmentzen da. XVI. mendeko klaustroa, eta abade jauregia barrokoa, XVIII. mendean eraikia eta adreiluzko fatxadaduna. Jauregiaren sarreran, alabastrozko armarri bat ageri da.

Monasterioaren barruan bada museo bat, eta aipatzekoa da Jeronimo Cosidak eginiko erretaula nagusi pizkundetarra.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa