Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
2.748.109
🔎
Azalera
1.287,36 km²
🌄
Altuera
21 metro
📷
Argazkiak
ikusi
Erromako irudi batzuk.

Erroma Hegoaldeko Europako hiri bat da, bai eta Italiako hiriburua ere; Lazio eskualdean dago, italiar penintsularen erdialdean.

Italiako hiririk jendetsuena da: 2,8 milioi biztanle inguru zeuzkan 2017ean; haren metropoli-eremu osoan, berriz, 4,3 milioi biztanle inguru ditu.

Tiber ibaiak zeharkatzen du Erroma. Bestalde, hiriaren barruan, ibaitik gertu, Vatikano Hiria dago, Italia ez den beste estatu bat.

Kostaldean egon ez arren, gertu samar dauka itsasoa; horregatik, Ostia hiria Erromaren itsas portutzat hartzen da.

Erromak garrantzi handia izan du Mendebaldeko Europaren historian, Antzinaroan bereziki, Erromatar Inperioaren hiriburua izan baitzen.

Historia apur bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira zahar ezagun baten arabera, Erroma K.a 750. urtean sortu zen eta Romulo eta Remo izan omen ziren hiria sortu zutenak. Antzinatean, Erromatar inperioko hiriburua izan zen, eta, horren eraginez, mundu osoko hiririk handiena izan zez; izan ere, garai hartan, milioi bat biztanle izatera iritsi zen.

V. mendearen hasieran, inperioa oso ahulduta zegoen, eta 410. urtean, tribu germaniar batzuek hiria konkistatu eta aberastasun asko eskuratu zituzten. 476. urtean, inperioa bertan behera geratu zen Europako mendebaldean, eta Erroma hiriak berak gainbehera handia izan zuen. Biztanle gehienak galdu zituen eta bere monumentu asko eta asko hondatu edo ia erabat desagertu ziren.

Dena dela, Erromak kristautasunaren hiri garrantzitsuena izaten jarraitu zuen; aita santuek bertan zuten egoitza, eta Elizak indar eta botere handia eskuratu zuen, ez bakarrik Erroma hirian, baina baita Italiako zati handi batean ere. Berez, 1870. urtera arte, Erroma Elizaren jabetza zen. Baina urte horretan Italiako erresumak Italia osoa batu eta hiria konkistatu zuen; horren ondorioz, Italiako gobernua eta Legebiltzarra Florentziatik Erromara aldatu eta hiria Italiako hiriburu bihurtu zen.

Leku ikusgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seguru aski, Erroma da mundu osoan leku ikusgarri gehien dituen hiria. Europan, turista gehien hartzen dituzten hirietako bat da, hirugarrena, Londres eta Parisen ondoren.

Hiriko monumenturik ezagunenak antzinako erromatarrek eraikitakoak dira: Koliseoa eta Erromatar Foroa, batez ere. Baina hiriaren erdialdea ere oso ederra da eta Gizateriaren Ondare izendatu du UNESCOk. Plaza oso eder eta beste garai batzuetako monumentu ospetsu ugari daude bertan: Piazza Navona, Piazza di Spagna, Fontana di Trevi (Treviko iturria), Agriparen Panteoia, eta beste asko.

Bestalde, hirian oso museo interesgarriak daude arkeologia edota arte gustatzen zaizkionarentzat; adibidez, Vatikanoko Museoak, Galleria Borghese museoa, Erromako Museo Nazionala (Museo Nazionale Romano), Antzinako Arteen Galeria Nazionalak (Gallerie Nazionali di Arte Antica) eta beste asko. Baina bene-benetan hiri osoa museo bat dela esan daiteke.