Arnaut Oihenart
Arnaut Oihenart | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Maule-Lextarre, 1592ko abuztuaren 7a |
Herrialdea | Zuberoa, Euskal Herria |
Heriotza | Donapaleu, 1668ko urtarrilaren 14a (75 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantses ertaina latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta, historialaria, idazlea, legelaria eta paremiologoa |
Lan nabarmenak | |
Arnaut Oihenart[1] (Maule, Zuberoa, 1592ko abuztuaren 7a - Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1668ko urtarrilaren 14a) euskal poeta, legegizona, historialaria eta politikaria izan zen. Joan Perez Lazarragarekin batera, ezagutzen den lehen idazle laikoa. Euskaraz, frantsesez eta latinez idatzi zuen.
Nahiz eta Ohienart XVII. mendean bizi, oraindik ez dago itxita bere obra, Gidor Bilbao ikertzaileak poema berriak aurkitu baititu azken urteetan.[2][3]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mauleko lurjabe eta merkatari familia batean jaio zen. Legeak Bordelen ikasi zituen. 1663an Zuberoako estatuetako sindiko izendatu zuten, hirugarren estatuko kide gisa. Ardosko Joana baxenafarrarekin ezkondu eta Donapaleura joan zen, nafar estatuetan abokatu lanetan aritzera. Agaramontar leinuari buruzko informazioaren bila aritu zen Baionako, Paueko, Tolosa Okzitaniako eta Parisko agiri-gordailuetan. Nafarroako erregeordeak ukatu egin zion Nafarroako Comptos Ganberako agiriak begiratzea, susmoa hartuta Oihenartek informazio hura Nafarroaren inbasio gaztelarraren aurka idazteko erabiliko zuela.
Euskal idazle gisa, poesia herri-tradizioko moldeetatik urrundu nahi izan zuen, auzo-erdaretako poesia jasora hurbiltzeko. Metrika zorrotza eta errima aberatsa darabil. Berari zor diogu euskal poesiaren gaineko lehen hausnartze literarioa; euskal idazleen artean horrelako kezka estetikoak erakusten dituen lehena da.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esaera zaharrak eta olerkiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur (1657)[4], frantsesez idatzia. Bi zati ditu: lehena, atsotitzena; eta bigarrena, poesiena, Oihenarten gastaroa neurthitzetan[5]. Ez dakigu ziur atsotitzak berak jasoak ez baizik bidaliak ote diren. Hor daude Zalgizek igorritako 205 errefrau. Poesiak autobiografikoak dira: XX. mendean aurkitutako L'art poétique eskuizkribuan, bere ustez poesia euskaraz nola egin behar den azaltzen du, eta argitaratutako poemak hein batean teoriaren aplikazioa dira. Metrika zehatza darabil, eta hizkuntzaren aldetik berrizalea da. Hitz berriak eta aditz trinkoak asmatzen ditu, hala nola derora 'erortzen da', dikuzke 'ikuzten du', hots, 'garbitzen du', derakurt 'irakurtzen dut' aditzak, eta neurtitz hitz elkartua.[oh 1]
Historia (eta tartean, euskararen gramatika labur bat)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae[6] (Paris, 1638), latinez idatzia: Bi Baskonien historia, iberiarrarena eta akitaniarrarena. Euskaldun baten mota horretako lehen lana da; izan ere, lan horretan Euskal Herri osoaren historiaren berri ematen du, hala Hegoaldea nola Iparraldea aintzat harturik. Historiarekin batera, euskararen morfologiari buruzko 24 orrialde dakartza (deklinabideaz, izenordainez eta aditzaz); gramatika klasikotik —greko-latindar gramatikatik— aldendu eta euskararentzat molde berriak aurkitzen ahalegintzen da. Lan horretan, bere garaikideen artean oso zabaldurik zeuden teorien aurrean (hala nola euskokantabrismoa eta tubalismoa), oso jarrera kritikoa azaltzen du. Haatik, gerora oinarrigabea dela frogatu den beste teoria baten alde egiten du: euskoiberismoaren alde.
Poetika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- L'art poétique, frantsesez idatzia: Piarres Lafittek 1967an eskuizkribua aurkitu eta bere aldizkarian (Gure Herria) argitaratu zuen.[7] Euskarazko poesiaren inguruko gogoeta da: bere ustez euskarazko poemetan gorde behar liratekeen errima eta neurkera arauak ematen ditu. Nabari da molde tradizionalak gainditu eta inguruko hizkuntzen eredu jasoagoetara hurbildu nahi duela. Bere garaiko euskal poesiaren berri ematen du. Poemak ere badakartza.
Obra horri guztiari, baina, orain arte ezagutzen ez ziren hiru poema gehitu behar zaizkio orain.[2] Gidor Bilbao EHUko Ikasketa Klasikoen Saileko irakasle eta Monumenta Linguae Vasconum taldeko ikertzaileak egin zuen aurkikuntza.[3][8]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 1971. urtean, Donostian argitaratu zen, Larresorok prestatuta, eta Eugène Goienetxeren hitzaurrearekin, Atsotitzak eta neurtitzak. Oihenarte; Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur (1657) liburuaren edizio kritikoa. Herri-Gogoa argitaletxea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ a b Sarasola, Ainhoa. «Arnaut Oihenarten hiru poema ezezagun aurkitu ditu Gidor Bilbao ikertzaileak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
- ↑ a b Elustondo, Miel E.. (2023). «“Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, eta bila segitzen badugu, gauza gehiago aurkituko ditugu” - Euskal idazleen elkartea» idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
- ↑ Oihenart, Arnaud. (1657). Les Proverbes Basques, recueillis par le Sr. d'Oihenart; plus les poésies basques du mesme auteur. Euskaltzaindia (2003) ISBN 84-95438-14-3..
- ↑ Enzunza Mallona, Olatz. «Gidor Bilbao: «Oihenart gehiago ezagutu dugu aurkikuntzari esker»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-29).
- ↑ (Gaztelaniaz) Arnaud Oihenart: Noticia de las dos Vasconias, de la ibérica y la aquitana[Betiko hautsitako esteka]. Oihenartek latinez idatzitako Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae liburua, gaztelaniara itzulia. Itzultzailea: Javier Gorosterratzu.
- ↑ «Arnault Oihenart» Euskomedia (Noiz kontsultatua: 2017-01-16).
- ↑ «Sareko bilaketa digitalari esker aurkitu dituzte Oihenarten poema berriak» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «Arnaud Oihenart», Literaturaren Zubitegia.
- Manex Goihenetxe, 1993, "A. Oihenart eta bere ingurugiroa", Jakin, 74. zenbakia.
- "Argia daritzanari" Imanol Epeldek abestua.