Azenokumarol
Azenokumarol antikoagulante bat da, warfarinaren antzekoa, eta K bitaminaren antagonista gisa jokatzen du. Antikoagulantea den aldetik, pazientearen odola gatzatzea oztopatzen du, eta tronbo edo enboloak sortzea eragotzi. 10 eta 24 ordu arteko iraupena du gorputzean, 1 eta 8 mg/eguneko hartuta.
Kumarinaren deribatu bat da, eta Sintrom® edo Sinthrome® izenekin komerzializatzen da. [1]
Indikazioak edo egokiespenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tronbosi bat nahiz enbolia bat nozitu dutenek edo pairatzeko arriskua duten pertsona guztiek hartu behar dituzte ahotiko antikoagulanteak:
- Tronbosi bat nahiz enbolia bat izan dutenek, berriro errepika ez dadin.
- Bihotzeko balbula bat gaixorik dutenek, enbolia bat paira ez dezaten.
- Bihotzeko balbula artifizial bat daramatenek, itxi ez dadin.
- Bihotza dilatatua dutenek, enbolia bat paira ez dezaten.
- Bihotzeko arritmiak dituztenek, enbolia bat paira ez dezaten.
- Odoleko akats bat izateagatik, tronbosia izateko arriskua dutenek.
Kontrola eta tarte terapeutikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen, halabeharrez, ahozko antikoagulanteak hartzen zituztenen kontrola eta jarraipena ospitaleetan egiten zen, hematologiako zerbitzuetan, nahiz eta horrek bidaia luzeak eta diru-gastuak eragin. Azken urteotan, berriz, prozesua eta profesionalak hobetzearen ondorioz, anbulatorioetan egiten hasi da, pertsonen bizi-kalitatea hobetzearren. Horrez gain, Lehen Mailako Atentzioko profesionalek, urteetako jarraipena egin izanagatik, ospitaleko profesionalek baino hobeto ezagutzen dute pazientea (erretzen duen, alkoholik edaten duen, botika dosiak ulertzeko gaitasunik baduen...), eta jakintza hori mesedegarria da kontrola egiteko orduan.
Medikuak erabakitzen du tratamendua hastea. Hirurogeita bost urtetik gorakoetan, azenokumarolen hasiera dosia 1 mg/eguneko izan ohi da; 65 urtetik beherakoetan, 2 mg/eguneko. Gero, medikuaren eta erizainaren artean egiten da pertsonaren kontrola, heziketa eta jarraipena. Oro har, erizaina arduratzen da kontrolak eta heziketa egiteaz. Tratamendua hasi eta laugarren egunera egiten da lehen kontrola. Bigarrena, zazpi egunera. Hortik aurrera, kontrola hilabetean behin egitea da ohikoena.
Kontrola egiteko erabiltzen den laborategi-proba nagusia protronbina-denbora (PT) da. Proba hori, 1983. urteaz geroztik nazioartean, International Normalized Ratio (INR) gisa estandarizatua izan da. Ahotiko antikoagulanterik hartzen ez duen pertsonetan INRren emaitza 1 ingurukoa izaten da. Oro har, ahozko antikoagulanteak hartzen dituztenetan INRren emaitza 2 eta 3 artean egotea komeni da.
INR neurtzeko koagulometroa erabiltzen da. Gaur egun, hainbat koagulometro daude merkatuan: Protime®, Thrombotrack®, Coagucheck®... Koagulometroarekin INR odol kapilarrean neurtzen da, eta emaitza 2-3 minutu itxaron ondoren lortzen da.
Ondorio kaltegarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahotiko antikoagulanteak hartzeak sor dezakeen ondorio kaltegarri nagusia odoljarioa da. Odoljarioa gehiegizko dosiagatik izan ohi da. Kasuen %4 inguruan agertzen da. Larritasunaren arabera, odoljarioak hiru taldetan sailka daitezke:
- Garrantzi gutxikoak: epistaxia arina, gingiborragia, ekimosi isolatua... Kasu horietan, adierazpen horien bilakaeraren kontrola egitea nahikoa da. INR neurtzea hautazkoa da.
- Garrantzitsuak: epistaxi errepikatuak, gingiborragia errepikatuak, ekimosi nabarmena, hematuria, karkaxa hemoptoikoa... Kasu horietan, INRren neurketa egin behar da, eta medikuak antikoagulantearen dosia doitu beharko du.
- Larriak: hemoptisia, hematemesia, melenak, bat-bateko buruko min handia, kordea galtzea, bularraldeko minarekin agertzen den bat-bateko disnea. Kasu horietan, pertsonak ospitaleratua izan behar du, jarraipen zehatza egiteko.
Beste ondorio kaltegarri batzuk ondorengoak dira: urdail-hesteetako intolerantzia, alopezia, osteoporosia eta urtikaria. Azkenik, teratogenoa denez, ez da haurdunaldian hartu behar.
Kontraindikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Haurdunaldia.
- Egoera patologikoak, non hemorragia-arriskua handiagoa den balizko onura klinikoa baino.
- Zenbait nutrizio-gehigarri, hala nola Ginkgo biloba edo San Joan bedarra (landare batzuk, baina bereziki Hypericum perforatum).
Osasun-heziketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahotiko antikoagulanteen tarte terapeutikoa estua da. Beraz, guztiz beharrezkoa da erizainak ahotiko antikoagulazioaren inguruan osasun-heziketa egitea. Tratamendu hori onuragarria da, baina, aldi berean, erronka da, eta ardura eskatzen du. Ondoren datozenak, ahotiko antikoagulanteak hartzen ari diren guztiek jakin beharrekoak dira:
- Sintrom® ez da gaixotasun jakin bat tratatzeko erabiltzen den botika, gaixotasun askok sor ditzaketen konplikazioak ekiditekoa baizik.
- Sintrom®-dosia sarri ajustatu behar da, eta, horretarako, sarri egin behar dira kontrolak.
- Sintrom® dosia behar baino handiagoa bada, odoljarioak ager daitezke; txikiagoa bada, ez da onurarik lortzen.
- Egun batean Sintrom® dosia hartzea ahaztuz gero, hurrengo egunean ez da dosia bikoiztu behar.
- Agindutako Sintrom® dosia ez da inoiz aldatu behar norberaren kabuz.
- Alkoholak eta tabakoak Sintrom®-aren ondorioak alteratzen dituzte.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Acenocoumarol - Drugs.com» Drugs.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joxe Aranzabal: Agur esateko ordua. Sustatu, 2004.
- Xabier Huitzi: Ahotiko antikoagulazioa. Osatuz, euskara ikasten ari garenon aldizkaria, 24. zenb., 2008.
- Joxe Aranzabal: Sintrom. Faroa, 2011.
- “Sintromaren kontrola bankuko eragiketak bezain errez egin daiteke”. Audioa. Faktoria saioa, Euskadi Irratia, 2016.