Bigarren Industria Iraultza
Bigarren Industria Iraultza 1870 inguruan sortutako aldaketa ekonomiko sakona izan zen. Lehenengo Industria Iraultzaren lurrun eta ikatzaren aurrean, Bigarrenean energia-sortzaileak petrolioa eta elektrizitatea izan ziren. Garapeneko sektore aitzindariak, oihal industria eta 1850tik aurrera burdinbidearen hedapenak bultzatutako siderurgiak baziren ere, Bigarrenean industria kimikoa eta automobilak edo hegazkinak eragindako metalurgia berria izan ziren. Gehienetan, zientzia eta industriaren elkarlanaren fruitua izaten dira aldaketa horiek guztiak.
Garai honi Kapitalismo Handiko Aroa ere deitzen zaio, enpresek eta bankuek bat egitean, familia gutxiren esku baliabide handiko kontrola geratu baitzen: hala nola Krupp eta Thyssen Alemanian, edo Morgan, Rockefeller eta Ford Ameriketako Estatu Batuetan.
Industrializazioa lurralde askotara hedatu zen: Erresuma Batuko nagusitasun konparaezina amaituta, Alemania eta AEBetako ekonomiek izugarri egin zuten gora. Japoniak, esaterako, egundoko garapen ekonomikoa lortu zuen urte gutxiren buruan.
Telegrafoak, telefonoak, irratiak, argindarrak, tranbiak, metrok eta gainerako asmakizunek gizakien bizitza errazteaz gain (edo, hobe esanda, bizitza errazteagatik) baikortasun handia eragin zuten, eta gizakiarentzat mugarik ez zegoela pentsatzera eraman zuten.
Aurreko epean horrenbeste bidegabekeria pairatu zuen proletargoak ere hobekuntzak jaso zituen. Pixkanaka pixkanaka lanaren gaineko arautegia jaio eta osatu zen. Gainera, bere ahalmen ekonomikoa handitu zen herrialde garatuetan. Katean eta seriean ekoizten diren produktuak erosteko gai izan ziren, merkeagoak baitziren.