Eunateko Andre Mariaren eliza
Eunateko Andre Mariaren eliza | |
---|---|
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Aragoiko bidea | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Muruzabal |
Koordenatuak | 42°40′20″N 1°45′42″W / 42.6722°N 1.7617°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1170 (egutegi gregorianoa) |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Iruñeko elizbarrutia |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura erromanikoa |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 669-519 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BIC | RI-51-0000770 |
519 | |
Webgune ofiziala | |
|
Eunateko Andre Mariaren eliza Nafarroa Garaiko Izarbeibar ibarreko Muruzabal udalerriko Eunate herri hustuan kokatutako XII. mendeko kristiau eliza bat da. Arkitektura erromanikoaren estiloan XII. mendean eraikia (1170 inguru), Donejakue bideko harribitxietako bat da.
Nahiz eta ohikoa izan jatorri tenplarioa duela adieraztea, ez dago hori egiaztatzen duen dokumenturik. Portada erromanikoa sakon aztertu da. Bere banaketa arkitektonikoa Nafarroako beste toki batzuetan aurki daiteke, baina ez dago erreprodukzio zehatzik. Kanpoko klaustroa du ezaugarri, bakarra bere espeziean.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eunate izena ez da ematen duen bezain begi bistakoa. Lehen begiratuan, badirudi ehun eta ate hizkiez osatua dela. Eskualde horretan, Izarbeibarrean, XIX. mende arte euskaraz hitz egin zen, eta arkuen kopurua litzateke hipotesi horren oinarria. Hala ere, dokumentuetan begiratuta, Eunate izena oso berria da: Onat da formarik zaharrena, eta orobat Onat, Onate, Unat, Unate izenak ere zaharrak dira. Tokiko euskaran ere, ez zioten Eunate esaten. Beraz, gaur egun baztertuta dago ehun + ate etimologia.[1]
Eunate = Ehun ate etimologia asmatu hori justifikatzeko, arrazoibide hau asmatu zen: tenplu oktogonala 33 arkuz osatutako arkuteriak inguratzen duenez, elizari hiru itzuli eman eta gero bertara sartzean, 33+33+33+1=100 ate edo arku igarotzen direla.
Gaur egun, Eunate emakumezko izena ere bada.[2]
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Teoria entzutetsuenak dio Tenpluko ordenak eraiki zuela, baina oinarririk gabeko teoria da. Eunateko planta oktogonalak zein arkuen kopuruak hipotesi hau babestuko lukete. Gainera, Antso VI.aren garaian (hots, eliza hau eraiki zenean), ordena horrek laguntza handia jaso zuen erregearengandik. Hala ere, ez dago zaldun tenplarioren arrastorik Eunaten gaineko dokumentuetan. Hori dela eta, teoria hori baztertuta dago gaur egun.
XX. mendearen erdialdean egindako indusketa arkeologikoetan oinarriturik, Jerusalemgo San Joan Ordenako ospitalea izan zitekeela dio beste hipotesi batek. Ordena horren presentzia dokumentaturik dago eskualdean. Izan ere, 1251eko ordena horretako dokumentu batean, Obanosko anaikide batzuei "bideko ospitalea" utzi zitzaien. Eunate izan zitekeen, baina Gareskoa ere bai.
Beste teoria batek dio Antsa erreginaren aginduz eraiki zela, erromesen kontrako lapurretei aurre egiteko nahian. 1520ko Iruñeko katedraleko dokumentu baten arabera, Eunaten Antsa erregina dago lurperatua, eliza eraikitzeko agindua eman baitzuen. Eunateko inguruetan gorpuak aurkitu badira ere, hipotesi honen fidagarritasuna kolokan jarri da. Alde batetik oinarrizko dokumentu hori berriegia delako, eta bestetik, Antsa erregina Iruñeko katedralean lurperatu omen zelako.
Teoriak teoria, argi dago erromesen babesteko eliza zela. Ospitalea eta hilerria izango zituen aldamenean, Orreagako Sancti Spiritus edo Torres del Riokoaren bezalakoa.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Iparraldeko portada
-
Eliza mendebaldetik
-
Eliza ekialdetik
-
Kapitel bat
-
Eunateko Andre Maria
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Egilea: IDOATE IRAGUI, Florencio Titulua: Poblados y despoblados o desolados en Navarra (en 1534 y 1800) Data: 1967 Erreferentzia: 108-109 (1967) 309-334
- ↑ «Eunate - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).