Kontainer-ontzi
Kontainer-ontzia, edukiontziak garraiatzeko itsasontzia edo kontainerrak garraiatzeko itsasontzia edukiontziak garraiatzeko erabiltzen den itsasontzia da, edukiontziak lotzeko egokiak diren gailu bereziekin prestatua.[1]
Sarrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsas garraioaren arloan, lehorrean bezala, funtsezkoa da denbora. Gauzak ahalik eta azkarren egin behar dira, eta aldi berean segurtasuna bermatuz. Materialen garraioa garaiz egiten ez bada, ondorioak pairatzen dira zenbait sektoretan, eta zenbait orduko atzerapen batek zenbait milioiko galerak ekar ditzake.
Kontainerrak denbora aurrezteko asmatu ziren, edozein materiala munduaren puntu batetik beste puntu batera ahalik eta azkarren garraiatzeko. Hori, kontainerrak ekarri zuen estandarizazioari esker lortu da. Estandarizazio orokor bati buruz hitz egiten ari gara, kontainerren, itsasontzien eta garabi berezien neurrien estandarizazioa.
Honi esker, kontainer-ontzi baten zama lehorreratzeko zenbait ordu behar dira, oso denbora laburra, operazio hauetan kontainerrak milaka mugitzen direla kontuan hartuta.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendeak ematen ditugu itsasoan zehar produktuak garraiatzen. Itsas garraioak beti izan du bilakaera bat, eta bilakaera hau geroz eta azeleratuagoa izaten ari da. Azken hamarkada hauetan iraultza bat izan da itsas-garraioan kontainerrei esker.
Mendeetan zehar materialak anfora, zaku, kutxa, eta abarretan garraiatzen ziren. Gaur egun jarraitzen dugu materialak horrela garraiatzen, baina ia-ia salbuespen izatera iritsi dira, eta hori kontainerrei esker gertatu da. Kontainerrek neurri estandarrak dituzte, formatu zehatz bat, eta horrek ontzigintza, neurri batean behintzat, bideratu du.
Hasieran, kontainerrak asmatu zirenean, itsasontzi mistoetan garraiatzen zituzten. Itsasontzi horiek ez zeuden kontainerren garraioan espezializatuak. Kontainerrez gain beste produktu batzuk garraiatzen zituzten, zakuak, kutxak, makineria, hau da, denetarik. Horrek esan nahi du ez zeudela bereziki egokituak kontainerrak garraiatzeko eta hori zela eta bidaia bakoitzeko kontainerren kopurua nahiko mugatua zela. Bidaia batean ahalik eta kontainer kopururik handiena garraiatzeko asmatu zen kontainer-ontzia, eta denbora aurrezteko. Hortik aurrera itsas garraioaren bilakaera bizkortu da. Gaur egun, produktu gehienak kontainerretan garraiatzen dira.
Ontziaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontainer-ontziek soto bereziak dituzte. Soto hauek, kontainerrak gidatu eta finkatzeko errail bertikalak dituzte. Errail hauei esker, kontainer bakoitza leku zehatz batean finkatzea lortzen da eta ilara bertikal batean bost kontainer jar daitezke, bata bestearen gainean.
Goiko argazkian sei soto ikus daitezke. Goiko muturra gorriz eta horiz margotutako zutabe moduko batzuk ere ikus daitezke. Zutabe horiek ez dira estrukturalak, baizik eta garabi berezi batzuen bidez, kontainerrak sotoan sartzeko unean, beren lekuetarantz bideratzeko. Kontainerrak ontziratzen diren bitartean oso garrantzitsua da itsasontzia posizio egokian egotea. Horrela ez bada kontainerrak ez dira ondo bideratzen errailetan.
Lortu behar dena errailak bertikalak mantentzea da, eta horretarako zama lanak egiten diren bitartean ura bidaltzen da istriborretik ababorrera edo alderantziz, bonba berezi batzuk erabiliz. Hori egin ahal izateko, itsasontziak ur-biltegi bereziak ditu alde banatan eta leku estrategikoetan.
Kontainerrak ondo ontziratzeko, itsasontzia ezin da 5.a baino gehiago okertu, beraz, oso zorrotzak izan behar dute kontu honekin.
Burdinazko ziri batzuei esker kontainerrak lotu daitezke, beraien artean finkatuago geratzeko. Modu honetan kontainer-ontziaren gainean, kontainerrez osatutako zutabeak finkatuago geratzen dira. Burdinazko ziri horiek eskuz jarri behar dira, eta kontainer-ontzi batek milaka ale garraiatzen dituela kontuan hartuta, operazio horrek ordu luze eskatzen duenez jabetu behar gara. Hurrengo lerroetan aipatzen diren barra eta tenkagailuak ere eskuz jartzen dira.
Kontainerrak karelera iristen direnean, soto bakoitzean estalki bat jartzen da, eta honen gainean kontainer gehiago. Karel gaineko lehenengo hiru ilarak burdinazko barra eta tenkagailuekin finkatzen dira, baino goi-goian daudenak, hau da, azkeneko hiru ilaretako kontainerrak lehen aipatutako ziriekin finkatzen dira, besterik gabe.
Horregatik, olatu handiak daudenean eta itsasontzia zabuka hasten denean kontainerrez osatutako zutabeak okertzen dira, eta batzuetan ale batzuk uretara erortzen dira. Zorionez kontainer gehienak ondo iristen dira beren helmugara. Kontainer-ontziak zama ontzi azkarrenak dira, 30-40 kilometro orduko abiadura lortuz.
Gaur egun petrolio-ontziekin batera itsasontzirik handienak dira. Hona hemen azken 50 urtetan ontzi mota hau izan duen bilakaera:
Urtea | Izena | Luzera (m) | Zabalera (m) | TEU* |
---|---|---|---|---|
1969 | Encounter Bay | 227,31 | 30,56 | 1572 |
1981 | Hannover Express | 294 | 32,3 | 4639 |
2003 | Axel Maersk | 352,1 | 42,8 | 7226 |
2013 | Maersk Mc-Kinney MØller | 400 | 59 | 18270 |
*TEU--------Honako neurri hauek dituen kontainerra: luzera----6,1 metro
Zabalera---2,4 metro
Altuera----2,59 metro
(kontainer batzuek bolumena bikoitza dute, hau da, zabalera eta altuera bera baina luzera 12,2 metro)
Ikusten dugunez, kontainer ontziak geroz eta handiagoak dira. Materialak, estrukturalki mugatuak direnez, neurri batzuk ezin izango dira gainditu, baina dirudienez materialen mugetara ez gara oraindik iritsi. Kontainer-ontziek soilik kontainerrak garraiatu ditzakete, eta ezin dute edozein portura joan zeren ez dute kontainerrak zamatzeko baliabiderik. Horregatik, jotzen dituzten portuak garabi berezi batzuekin hornituak egon behar dira.
Garabi hauei esker zamaketa lanak bereziki azkar egiten dira. Kontainer-ontziek linea erregularrak jarraitzen dituzte, hau da, beti bidai bera egiten dute, portu zehatz batzuetara joanez. Bidaiaren etapa guztiak ahalik eta azkarren eta epe zehatz batzuetan burutu behar dira.
Hauek dira aipatutako etapak:
- Kontainerrak lehorreratu eta lehorretik beste kontainer batzuk jaso
- Itsas ontzia hornitu: erregaia, janaria, ura, piezak, etab
- Itsasoratu eta nabigatu hurrengo portura iritsi arte
Bitxikeri bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zamaontzi arrunt batean oso garrantzitsua da pisuaren banaketa, izan ere itsasontziko grabitate zentroaren kokapena funtsezkoa da eta kontrolatu behar da. Horregatik finkatzen dira zamak, ez mugitzeko eta grabitate zentroa bere lekuan finkatzeko. Grabitate-zentroa puntu garaian baldin badago itsasontzia erraz irauliko da, baina baxuegi baldin badago egonkortasun gehiegi izango du itsasontziak eta bortizki kulunkatuko da. Mugimendu bortitz horrek kalte egin diezaioke zamari,eskifaiari (kolpeak, erorketak…) eta itsasontziko estrukturari.
Grabitate-zentroa ez da egon behar ez brankatik, ez txopatik oso gertu, kroskoaren ur azpiko forma egokia izateko, hau da, itsasontziaren hidrodinamika egokia izateko. Zamaren kokapena itsasontziko ofizialek aurreikusten dute, materialen dentsitate eta bolumena kontuan hartuz plano bat egiten dute zama bakoitza dagokion lekuan kokatzeko. Modu horretan lortzen da grabitate zentroaren kokapena kontrolatzea.
Kontainer-ontzietan bitxikeri bat dago gai horrekin lotuta, zamaren kokapena ez dago itsasontziko ofizialen esku. Itsasontzi bakoitzak bere bulegoak ditu lehorrean eta handik armadoreak kontratuak lortzen ditu zenbait produktu garraiatzeko. Hori horrela da itsasontzi guztietan, kontainer-ontziak barne, baina kontainer-ontzien bulegoetan kontratuen informazioa bulego berezi batzuei bidaltzen dute. Bulego berezi horietan tetris moduko bat egiteko espezializatutako profesionalak daude.
Profesional horiei kontainer kopurua, kontainer bakoitzaren pisua eta jaso eta lehorreratzeko lekuen datuak iristen zaie. Hori dena kontuan hartuta aukeratzen dute kontainer bakoitzari dagokion lekurik egokiena, plano bat egiten dute eta armadoreari bidali gero honek itsasontziari bidaltzeko. Prozesu horretan itsasontziko ofizialek ez dute parte hartzen. Kontainer-ontzi bat Gibraltarren egon daiteke eta zamaren antolaketa, hau da, kontainer bakoitzaren kokapena, Txinatik egin dezakete. Kontainerrak, globalizazioari bulkada indartsua eman diola esan daiteke.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Garraioa eta Logistika Hiztegia] [2017]