Musker
Musker | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Squamata |
Subordena | Lacertilia Owen, 1842 |
Lazertilioak edo muskerrak (Lacertilia) narrastien barruan talde parafiletikoa osatzen dute. Talde honek gaur egungo ezkatatsu gehienak barne biltzen ditu, hala nola, baranoak, iguanak, koritofanidoak, kamaleoiak, sugandila eta dragoitxoak. Taldeak ia 5.000 espezie hartzen ditu.[1]
Lehen, lazertilio eta sugeek osatutako subordenari saurio (Sauria) esaten zitzaion. Baina talde parafiletikoa denez, Sauria izena narrastien klado handiago bati aplikatzen zaio orain, diapsido gehienak barne. Antzina, suge eta anfisbenidoekiko independentea zen subordena gisa sailkatzen ziren. Dena den, gaur egun Lacertilia subordenean sartzen dira.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anatomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azpiorden barruko espezieen luzera aldakorra da. Txikienetatik, adibidez Brookesia micra, zentimetro gutxi batzuetakoak direnak, handienetara, adibidez Komodo dragoia[2] bezalakoak, ia 3 metrokoak direnak. Baina, musker gehienak animalia nahiko txikiak dira.
Muskerrek soin biribilduak izaten dituzte, eta burua lepoaren gainetik altxatuta eta lepo laburrak dituzte. Oro har, lau soinadar dituzte, nahiz eta batzuek hankarik ez izan. Isatsari dagokionez, luzea da. Zenbait muskerrek, hala nola kameleoiek, landarediaren artean eskalatzen laguntzen dieten isatsak dituzte.[3]
Beste narrasti batzuetan bezala, muskerretan azala keratinaz osatutako ezkata gainjarriez estalita dago. Horri esker, ingurumeneko aldaketen aurrean babestuta daude, eta lurruntze bidezko ur-galera murrizten dute. Egokitzapen horri esker, muskerrek lurreko basamortu lehorrenetako batzuetan bizi daitezke. Larruazala gogorra eta larrukara da. Horrez gain, azalaren muda zatika egiten dute, sugeek ez bezala. Azkenik, ezkatak babespena eskaintzen duten arantzetan eraldatu daitezke. Espezie batzuek osteodermoak dituzte ezkata hauen azpian.[4][5]
Muskerren hortzei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu haien hortzek beren dieta mota zabala islatzen dutela, esaterako, haragijaleak, intsektujaleak, orojaleak, belarjaleak, nektiboroak eta mollusziboroak. Espezieek beren dietara egokitutako hortz uniformeak izaten dituzte. Baina zenbait espeziek hortz mota ugari dituzte, hala nola, masailezurren aurreko ebaketa-hortzak eta atzeko murtxikatze-hortzak. Espezie gehienak pleurdontoak dira, baina agamidak eta kameleoiak akrodontoak dira.[6][4]
Mingaina ahotik kanpo heda daiteke, eta askotan luzea da. Mihiak elikadura funtzioaz gain, beste hainbat funtzio ditu. Espezie batzuetan, mihia bitan banatzen da, eta funtzio kimiohartzailea dauka. Beste espezie batzuetan, adibidez dragoitxoetan, mihia begiak garbitzeko erabiltzen da, ez dutelako betazalik. Kameleoiek oso mihi itsaskor luzeak dituzte, eta azkar luzatzeko gaitasuna dute, intsektuak harrapatzeko.
Fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lokomozioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musker gehienek, tetrapodo goiztiarren lokomozio bera erakusten dute. Alboetara zabaltzen diren eta zapalak diren soinadarrak dituzte. Horrela, ezkerreko eta eskuineko soinadar horiek txandakatuz gorputza uzkurtuz mugitzen dira. Aldiz, hankarik ez duten muskerrek, berriz, mugimendu sugekara aurkezten dute.
Zentzumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zentzumenei dagokienez, gainerako ornodunek bezala, ikusmenaz, ukimenaz, usaimenaz eta entzumenaz baliatzen dira inguruneko informazioa jasotzeko.
Zentzumen horien artean, garrantzitsuenak usaimena eta ikusmena dira. Usaimenaren kasuan, muskerrek, sugeek eta hainbat ugaztunek bezala, organo bomeronasala dute, feromonak detektatzeko. Ikusmenaren kasuan, musker batzuek, iguanek bereziki, organo fotohartzaile bat mantendu dute. Fotohartzaile horrek begi parietala izena du. Begi parietal hau buruaren gainean kokatuta dago. Begi horrek oinarrizko erretina eta leiarra ditu. Egitura hauek ezin dute irudirik sortu. Dena den, argiaren aldaketekiko sentikorrak dira, eta mugimendua detekta dezakete. Horri esker, goitik datozen harrapakarien presentzia detekta dezakete.[7]
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amnioto guztiek bezala, muskerrek, barne-ernalketa egiten dute. Kopula arraren organo intromitenteari esker, hemipene izena duenari, egiten da, emearen kloakan barneratuz. Espezie gehienak obiparoak dira. Emeek arrautzak habiak bezalako egitura babesleetan, zirrikituetan edo lurzoruan zuzenean erruten dituzte[8].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banaketa eta habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muskerrak mundu osoan zehar aurki daitezke, salbuespenak urruneko iparraldea, Antartika, eta irla gutxi batzuk dira. Latitude desberdinetan aurki daitezke, itsaso mailatik hasita 5.000 m arte. Klima epel eta tropikalak nahiago dituzte, baina molda daitezke beste klima mota batzuetara ere, muturreko ingurumenetara izan ezik. Musker gehienak lehorrean bizi dira (lurrean, harri artean, zuhaitzetan…), baina uretan ere aurki daitezke, esaterako, Amblyrhynchus cristatus iguana itsasoan bizitzeko dago moldatuta.[4]
Irudi galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Mendebaldeko musker berdea
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Search results | The Reptile Database» reptile-database.reptarium.cz (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ (Ingelesez) «The world's top 10 reptiles – in pictures» the Guardian 2016-05-05 ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ (Ingelesez) McDiarmid, Roy W., ed. (2012-01). Reptile Biodiversity: Standard Methods for Inventory and Monitoring. ISBN 978-0-520-26671-1. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ a b c The Firefly Encyclopedia of Reptiles and Amphibians. Firefly Books, 139–169 or. ISBN 978-1-55297-613-5...
- ↑ (Ingelesez) Starr, Cecie; Taggart, Ralph; Evers, Christine. (2012-01-01). Biology: The Unity and Diversity of Life. Cengage Learning ISBN 978-1-133-70761-5. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ Seburn, David. (2004-01-01). «"Herpetology: Third Edition" by F. Harvey Pough et al. 2004. [book review»] The Canadian Field-Naturalist 118 (1): 140. doi: . ISSN 0008-3550. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ «The Amphibian and Reptile Conservation Trust» Britain's Reptiles and Amphibians (Princeton University Press): 23–23. 2019-12-31 (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
- ↑ Pianka, Eric; Vitt, Laurie J.. (2003-09-24). LizardsWindows to the Evolution of Diversity. University of California Press ISBN 978-0-520-23401-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).