Edukira joan

Nihilismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nihilismoa korronte filosofiko bat edo filosofiaren barneko ikuspuntu familia bat da, giza existentziaren hainbat ezaugarri ukatzen dituena[1][2], hala nola, egia objektiboa, ezagutza, morala, balioak edo bizitzaren zentzua[1][3]. Maiz, Jainkoaren inexistentziaren ondorio moduan ere definitzen da.

Gizatasunaren eta animalien arteko desberdintasunaren iturri bihurtu den transzendentzia gainbehera dago, porrotaren arrazoiak barnean dituelako. Kristautasunak goiari eusteko gomendatzen die nahigabean eta itolarrian bizi direnei, eta horregatik mantsotasuna bizi-eredutzat hartzen duen heinean, bizitzari berari eraso egiten dio. Ondorioz bizitza tinkoa ukatuz nihilismoa lehen aztarnak ezartzen dira moraltasun tradizionalaren eskutik. Historiako gertakizunek halako helbururik ez duela ikustean, etsipena sortzen da, ondoren sumina eta azkenik nihilismoaren sentikizunak jota munduak azalpenik ez duela ohartzen da gizakia, eta kale gorrian balego bezala gelditzen da, hutsa. Metafisikak mundu honen haraindian atzeman zuen benetako mundua ezerezean gelditu denez gero, aterpetik gabe gelditu zen gizakia[erreferentzia behar].

Kontzeptu filosofikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Friedrich Nietzsche 1882 aldera.

Nihilismoak aurrekari oso antzinakoak ditu eta testu filosofiko hebrearretan aurki daiteke, esate baterako Eclesiastés-en. Gai honen inguruan idatzi duten beste filosofo batzuen artean dauzkagu, Friedrich Nietzsche, Jean-Paul Sartre eta Martin Heidegger. Nietzschek kristautasuna erlijio nihilista gisa deskribatu zuen lurreko biziari zentzua aurkitzeaz paso egiten zuelako. Horren ordez, proiekzio espiritual bat sortzen du, non hilkortasuna eta sufrimendua ezabatzen diren, traszendituak izan ordez. Nietzscheren aburuz, nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorioa da, eta hau gainditzea beharrezkoa zela zioen, errealitateari zentzu berri bat emanez. Idealismo pragmatiko bat nahiago izan zuen, Schopenhaueren idealismo kosmikoaren ordez.

Heidegger-ek nihilismoa “izatearen zantzurik ez dagoen” momentua edo egoera bezala deskribatu zuen. Izatearen erredukzionismoan oinarritzen dela nihilismoa argumentatu zuen. Nihilismoa gizaki okzidentalak jarraitzen duen honako prozesu hau litzateke:

  1. Nihilismoa balio ororen ezeztapenaren ondorio gisa: duda eta desorientazioaren fruitua.
  2. Nihilismoa hasierako ezeztapen horren autobaieztapen gisa: hausnarketa eta arrazoiaren momentua da.
  3. Nihilismoa balorazio berri baten hasiera puntu bezala: intuizioaren momentua da, botere nahian islatua geratzen dena.

Heideggerrek bi egia mota existitzen direla zioen. Batetik, Jainkoak esandako egia; bestetik, gizakiak haren ezagutza mailara egokituz ulertzen duena, beraz, egia absolutuarekin zerikusirik ez daukana. Heideggerrentzat garrantzitsuena egia existentziari loturik dagoela da, horregatik, egia galtzen bada, izatea ere galtzen da. Ondorioz, ezerk ez dauka esentziarik edo egia propiorik, pertsonaren kontzepziora moldaturik baitago. Nietzscheren arabera, filosofia berria eraiki behar da oinarri berria izateko. Lehenik, gizakiak eragiten du Jainkoaren heriotza edo balio zaharren suntsipena. Bigarrenik, gizakiak balio zaharkitu horiek amaitu direlako kontziente izan behar du. Hirugarrenik, aurrekoaren ondorio gisa, botere nahia aitortu behar du eta horrekin balio berri batzuk sortzeari ekin.

Terminoaren ospea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Termino hau ospetsu bilakatu zen Ivan Turguenev idazle errusiarrak Fathers and sons (1862) nobelan intelektual erradikal errusiarren ideiak deskribatzeko erabili zuenean. Dena den, Friedrich Heinrich Jacobik (1743-1819) sartu zuen diskurtso filosofikora Fichteri 1799an bidali zion gutun batean.

Jacobik arrazionalismoa karakterizatzeko, bereziki Immanuel Kanten filosofia kritikoa erabili zuen, reductio ad absurdum eginez arrazionalismo oro nihilismoarekin berdinduz. Ondorioz, ideia hauek saihestuak eta ordezkatuak izan behar direla zioen.

Turguenev idazleak deskribatu zituen intelektualak klase altuko ikasleak ziren nagusiki, erreformismoaren geldotasuna ikusita ilusioa galduta zutenak. Bere nobelan “nihilista edozein autoritateren aurrean makurtzen ez den pertsona da, sinesmen gisa printzipiorik onartzen ez duena” idatzi zuen nihilistak pertsona kritikoak zirela aditzera emateko. Filosofia berri honen bozeramailea Dmitri Pisarev (1840-1868) izan zen.

Hitza laster burla egiteko hitz bilakatu zen belaunaldi gazte erradikalentzat. Askotan, egian, edertasunean, maitasunean edo antzeko balioetan sinesten ez duten banakoek osatutako talde filosofikoa deskribatzeko erabiltzen da; horrez gain aipatutako balioenganako errespeturik zein sentsibilitate moralik erakusten ez dutenak.

Nihilismoaren aurrekari historikoak zinikoen eskola-filosofikoan daude, Antistenesek K. a. IV. mendearen bigarren erdian Grezian sortu zuena. Eskola honen adierazle nagusiena Sinopeko Diogenes izan zen. XIX. mendearen erdialdeko nihilista errusiarren antzera, zinikoek euren garaiko ordena eta morala kritikatzen zuten. Horretarako greziarren ohituren hondatzea eta bizioen inguruko satirak erabiltzen zituzten, "anaideia" deituriko jokabide lotsagabea praktikatuz.

Sinopeko Diogenes

Antistenes Gorgiasen dizipulua izan zen bere eskola filosofiko propioa sortzea erabaki zuen arte. Atenas kanpoaldean kokatzen zen Cinosargo izeneko gimnasio batean egin zuen, "txakur zuria" esan nahi du. Bere jarraitzaileei kinicos ("txakurra" grezieraz) dei egiten hasi zitzaien, euren portaerak animalia horien jokabidearen antza baitzeukan. Antistenes bere legearen arabera bizi zen, berak bere buruari jarritakoa, alegia. Zinikoek arauak, instituzioak, ohiturak eta gizakiarentzat lotura bat suposatzen zuen gauza oro errefusatzen zituzten.

Diogenes Sinopekoa Aristenesen dizipulua izan zen eta bizitza estilo soila zeukan, zinikoen janzkera eramatea aukeratu zuelarik, bere maisuak bezala[4]. Bere hastapenetatik aldarte grinatsua agertu zuen eta Antistenesen teoria guztiak modu erradikalean praktikan jartzen zituen. Adierazpen askatasuna muturreraino eramaten zuen, gizakia mugatzen duen edozein gauza kritikatzea eta salatzea zen bere egitekoa, bereziki instituzioak. Balorazio berri bat proposatzen du ordura arte indarrean zegoen balorazio tradizionalaren ordez eta arau sozialen aurka joaten da uneoro. Kosmopolitatzat hartzen du bere burua; hau da, munduko biztanle kontsideratzen da; edozein lekutan etxean bezala aurkitzen da eta gauza bera ikusten du besteengan. Kondairaren arabera, nahitaezkoak ez ziren gauza guztiak alde batera utzi zituen, bere katilua ere utzi zuen, mutiko batek ura eskuekin edaten zuela ikusi zuenean.

Krates Tebaskoa posizio sozial oneko biztanle diruduna zen, bere dirutzari uko egin ziona filosofo zinikoa bihurtzeko. Diogenesen ikaslea eta Zenon Zitiokoaren maisua izan zen. Krates, bere maisua ez bezala, gizon jator eta lasaia zen, "filantropo" ezizena jasotzea eragin zuena. Beste batzuek "ate irekitzaile" ere deitzen zioten, jendeak bere etxeko atea jotzen baitzuen aholkuak eskatzeko eta harekin solasteko. Kratesentzat, filosofiak kanpoko esklabotzaz libratzeko balio du (familia, jabetzak edo ohitura sozialak); barneko esklabotzaz (bere ideia propioak), aldiz, askatasun indibidualak libratzen dute.

Nihilismo errusiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nihilismo gisa ezagutzen den fenomeno kultural errusiarra Alexandro II.aren agintaldian zehar garatu zen, ezaugarri liberal eta erreformistako tsarra zena. 60ko hamarkada nihilismoaren hamarkadatzat hartzen da. Krimeako Gerra (1854-1856) galtzea, erregimenaren irekiera (ekonomikoa ez ezik, kultural eta ideologikoa ere bai) eta tsarrak aitortutako askatasun erlatiboek (esate baterako, prentsan) azpikultura honen garapena bultzatu zuten. Mugimendu intelektuala izan zen nagusiki, ikuskera erlijioso, metafisiko eta idealista zaharkituen aurkako erreakzio bat izan zena. Nihilista gazteak, zakar eta ziniko gisa deskribatu ohi direnak, euren gurasoen ideiak borrokatu eta barregarri utzi zituzten. Beraien onestasuna ia ofentsa eta gustu txartzat har zitezkeen askotan, beraz, jokabide honek definitu zuen mugimendu nihilista. Portaera despektibo eta negatiboa ederki erretratatu zuen Ivan Turguenevek Bazarov pertsonaiaren bidez.

Gazte hauek hipokresia modu bat ikusten zuten bakarrik euren gurasoen muturreko sentimentalismoan. Euren burua erromantikotzat zuten horiek zerbitzariak esplotatzen, emazteak erasotzen eta etxeetan diziplina zorrotzak ezartzen aritu ondoren, poemak idazten eta portaera oso desberdin bat izaten zuten. Piotr Kropotkin anarkistak Iraultzaile baten memoriak-en (1899) ilustratuko duen bezala: “nihilistek, aurrerakuntzaren izenean, zientifikoki justifikatu ezin den oro errefusatzen zuten, hala nola, sineskeriak, aurrejuzguak eta ohiturak.

Kritika egiten zioten artearen posizio estetizistei; izan ere, arte hau abstraktutasunaren edertasunean zentratzen zen eta ez zeukan erabilgarritasun sozial errealik. Posizio etiko utilitarista hartu zuten “egoismo arrazionala” izendatzen dena, honen bidez harreman sozialei definizio berri bat eman nahi zieten laguntasuna, maitasuna eta lana bezalako alorretan.

Rússkoe Slovo: lehen etapa (1859-1862)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dmitri Pisareven irudia

Tendentzia nihilista garaiko erradikalismo errusiarraren zati bat izan zen. 1859an sortutako Russkoe Slovo (Русское слово) izeneko argitalpen batean eduki zuen adierazpen mediorik handiena[5]. Dena den, Dmitri Pisarev gaztearen etorrerarekin, 1860an, bilakatu zen tendentzia horren adierazle. Pisareven formakuntza letren alorrekoa izan arren, natur zientzietako aurrerapenak popularizatu zituen, bereziki fisiologiaren alorrean. Bere erreferente ideologiko nagusiak materialista alemanak izan ziren, euren erredukzionismo eta muturreko determinismoagatik gutxiesten zirenak. Büchner, Moleschott eta Vogt-ek osatutako triunbiratoa azpimarratu zuen. Pisarevek pertsonen arteko harreman afektibo edo laboralak zein garapen historikoa ikuspegi fisiologiko batetik interpretatu zituen. Moleschotten inguruko artikulu batean, garapenarekiko errefusa dieta ez nutritibo baten ondorioa zela baieztatu zuen; bestalde, dieta orekatu batek ahalmen intelektual osoa garatuko lukeela esan zuen. Idealismoaren aurka zegoen Pisarevek zioen korronte hau ezin zela zentzumenen bitartez aztertu. Mugimenduaren beste oinarrietako bat positibismoa izan zen, gazte hauek euren gogo ilustratzailea eta pentsakera zientifikoaren apologia partekatu zuten. Comte edo Buckle bezalako autore positibistak Pisareven eta gazte nihilista askoren erreferente garbia izan ziren.

“Bazarov” deituriko 1862ko otsaileko artikuluan, Pisarev Fathers and Sonseko pertsonaiarekin identifikatu zen, nobelako protagonistaren muturreko indibidualismoa eta prozesu zientifikoa jarraitzeko tendentzia partekatzen zituelako. Artikulu honetan, Pisarevek inongo ezagutza edo sinesmen ez litzatekeela absolututzat hartu behar defendatzen zuen. Soilik zentzumenek ezarri zezaketen oinarria ezagutzaren eraikuntzarentzat, espekulazio eta teorizazio hutsak alde batera utzita. Metodo zientifikoak, behaketa eta esperimentazioarekin, ezagutza fisiologikoki barneratzeko beharrarekin bat zetorren berarentzat.

Kontzepzio sentsualista ere erabiltzen zuen giza banakoen portaera justifikatzeko. Hauek inpultsu naturalez eta kalkulatutako egoismo batez gidatzen dira, edozein motatako sinesmen edo tradizioak despreziatuz. Aurrejuzgu eta betebehar erlijioso, familiarteko edo sozialak ere errefusatuak izan beharko lirateke. Horrela, Bazarov  aldizkariaren erreferente bilakatu zen, “bazarovismoa gaixotasun bat bada, gure garaiko gaixotasuna da” zion Pisarevek. Bazarovismoa edo nihilismoa koleraren moduan zabaltzen zen, inork ezin zuen gelditu.

Urte berean gertatu zen instituzio eta argitalpenen aurkako errepresio bolada batek Pisareven atxiloketa eragin zuen, Russkoe Slovoren itxieraz ekarriz[6]. Pisarevek anonimotasunetik protesta egin zuen eta Herzen intelektuala defendatu zuen Shedo-Ferroti izeneko agente tsarista batek zabaldutako kalumnietatik. Oraingo honetan hartu zuen tonua biolentoegia izan zen, izan ere, esku-paperaren amaieran gazteak tsarraren suntsiketara gonbidatzen zituen, hau “korruptoa eta ustela” baitzen. Hala ere, zeukaten legez kanpoko inprenta deskubritu zuten eta Pisareven identitatea agerian geratu zen. Ondorioz, San Pedro eta San Pabloko Gotorlekuan atxilotu zuten, 4 urte (1862-1866) pasa zituen bertan.

Hau guztia gertatu arren, hilabete batzuk beranduago Russkoe Slovo berriro irekitzea onartu zitzaion eta kartzelatik argitaratzen jarraitzea ahalbidetu zitzaion Pisarevi.

Rússkoe Slovo: bigarren etapa (1863-1866)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sovremenniken ale bat.

Aldizkariaren bigarren aldia Varfolomei Zaitsev gaztearen etorrerak, 1862an, markatzen du eta garaiko Sovremennik aldizkari erradikalarekin gertatutako hauste ideologikoak. Zaitsevek Pisareven antzeko orientazioa jarraitu zuen, haren oinarri ideologiko berak partekatuz, baina tonu zakarragatik nabarmendu zen. Dibergentzia Pisarev Bazarovekin identifikatu zenean abiatu zen, Maksim Antonovichek (Sovremennikeko idazle batek) pertsonaia hotz eta sentimendu gabea bezala ikusten zuen, hau da, garaiko gazteriaren karikatura gaiztoa. Mijail Saltykov-Shchedrin eta Zaitseven arteko gatazkak determinatu zuen azkenik bi argitalpenen arteko banaketa. Gazte nihilistak hiztun pesimista eta negatibo huts batzuk bezala agertzen ziren Saltykov populistaren begietan. Zaitsev eta Pisareventzat, ordea, ikuspegi populista (nekazari analfabeto eta ezjakinak babestea Errusian aurrerapenak etortzeko) tontakeria handia zen. Bestalde, ez zetozen bat erreferente ideologikoetan: Sovremennik-ek Hegelen filosofia (zehazki Feuerbachek aurkeztutako hegelianismo ezkertiarra eta bere erlijio humanista) eta Russkoe Slovok materialismo eta zientifismo erradikala jarraitzen zituzten. Pisarev eta Zaitseventzat, Hegelen filosofia eta dialektika zentzurik gabeko abstrakzioak ziren.

Russkoe Slovo-ko gazteak “egoismo arrazionala”-gatik ziren ezagunak, beste aldizkariko jendeak eta 70eko hamarkadako populistek erakusten zuten altruismo eta sakrifizio pertsonalari kontrajartzen zitzaiona. Pisarevek Darwinen obraren inguruko idazkietan egoismo hori justifikatzen zuen; izan ere, espezie guztiek jokatzen zuten euren interes propioaren arabera. Zaitsevek darwinismo sozialari loturiko postura bat hartu zuen, koloreko arrazek maila baxuagoa zeukatela defendatuz (gehienbat Karl Vogt-ek eraginda) eta historian funtzio garrantzitsua izan ez dutela baieztatuz. Bi aldizkari erradikalen arteko beste gatazka bat artearen inguruan izan zen. Antonovichentzat, adibidez, plazer estetikoa behar natural bat zen. Pisarev eta Zaitsevek, aldiz, artearekiko ikuspegi estetizistak kritikatu zituzten (“artea arteagatik” esanez) eta erabilgarritasun sozialik ez zuela zioten.

Pisarevek egoismo arrazionalaren inguruko teoria oso bat garatu zuen eta utilitarismoaren aldaera bilakatu zen. Alde batetik, “pertsonalitatearen askapena”, bere lehen artikuluetan norbanakoaren egoa artifiziala den ororengandik eta kanpoko agenteek inposatzen dutenagandik (esate baterako, betebeharrak) askatzea adierazten zuena. Beste aldetik, egoismo arrazionalaren ulerkera berri hau, pixkanaka tonu utilitarista hartzen joango dena, hasiera bateko ikuspegi hedonistak atzean uzten joango da. Pisarevek zioen egoismoak, arrazionalki ulertuz gero, ez duela zertan humanitatearekiko maitasunarekin borrokan egon behar eta interes indibidualak ongizate komunarekin bat egin zezakeela. Gizon emakume berriek erabilgarritasun sozialeko lanetan jardungo balute, kontraesanak ezabatuta geratuko lirateke. Pisarevek emakumearen askapena, Errusiak behar zuen industrializazioa edo natur zientzien dibulgatzaileen beharra bezalako gaiak tratatu zituen. Ez zen “ilustrazio masibo” garaia oraindik, Errusiara aurrerapena ekarri zezaketen bakarrak zientzialari, tekniko eta beste “proletario pentsatzaile” batzuk ziren.

Ikuspegi sentsualista, positibista, darwinista eta egoistak zituzten Russkoe Slovoko gazteek, eta horrek Sovremennikeko gazteengandik desberdintzen zituzten. Azken hauek altruismoan jarduten zuten, herria mitifikatzen zuten eta Nikolai Dobroliubov publizistaren tradizio moralista jarraitzen zuten.

Pisarev eta Zaitsevek puntu askotan bat egiten bazuten ere, Txernishevskiren inguruan ez zeuden ados. Beranduago, Txernishevskik gazte horien ikuspegi positibista eta darwinistak kritikatu zituen. Gizon hau mir-ean edo nekazal komuna errusiarrean oinarritutako sozialismo agrarioaren aldekoa izateagatik da ezaguna. Pisarev, ordea, Saint-Simonen eraginpean, ikuspegi industrialista batean erori zen. Beti ere dimentsio apolitiko batetik, garapen ekonomiko eta sozial baketsua defendatu zituen, hezkuntza eta modernizazioaren bidez lortuko zirenak. Zaitsevek ez zuen gogoko errusiar nekazarien hezkuntza eta ezagutza maila baxua eta, populisten kontrara, eszeptikoa zen klase honen inguruan, proletario okzidentalean maila askoz aurreratuago bat ikusten zuelarik. Zaitsevek, Russkoe Slovoko ekonomia alorreko bere kide Sokolovek bezala, Pierre Joseph Proudhonen pentsamolde anarkistarekin identifikatu zen.

Rússkoe Slovo-ren amaiera eta ondorengo eraginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Narodnaya Voliako kide zen Dmitri Karakozoven atentatuarekin (1866ko apirila), garaiko argitalpen erradikalak klausuratuak izan ziren muturreko tendentziak bultzatzeagatik. Hala eta guztiz ere, Grigori Blagosvetlov editore ohiak baimena zuen Delo izenekoan argitalpenak egiteko, non Piotr Tkachov edo Nikolai Shelgunov bezalakoek parte hartu zuten nahiz eta nihilismoaren ordezkari ez izan. Pisarevek ere parte hartu zuen hasiera batean, baina Blagosvetlovekin izandako gatazka batzuek ondorioz utzi egin zion kolaboratzeari. 1868an itota hil zen ustez, suizidioa aukera bat delarik aurretik bere buruaz beste egiten saiatu izan zelako. Zaitsevek, argitalpenak egitea debekatua zuenak, erbestera ihes egin zuen 1869an, talde anarkista suitzarretara atxikiz. Bestalde, Sokolov ere talde hauetara batu zen 1872an ihes egin zuenean.

Azpikultura nihilistak horrela bere espresio medioa eta ordezkari nagusiak galdu zituen. Dena den, Pisareven obrak errusiar gazteengan eragina izaten jarraitu zuen XX. mendearen hasierara arte. Nihilismoa gaztaroaren lehen etapa gisa kalifikatzera ere iritsi ziren. Pisareven jarraitzaileak edo “pisarevtsyak” Narodnaya Voliako kideen eskutik kritikatuak izan ziren 70eko hamarkadan. Nikolai Mijailovskik, poeta erradikal entzutetsuak, korronte hau populismoaren aurkako egoismo eta solipsismo izpiritu bezala ikusten zituen. Narodnaya Voliako terroristak, Lev Tijomírov-ek, Pisareven jarraitzaileak kritikatu zituen gauza guztiak inpultsu pertsonaletan oinarritzeagatik, herria alde batera utzita. Gainera, nihilismoa pretentsio aristokratikotzat zeukan, noblezia dekadente baten itzalean sortutakoa zena. Utilitarismo ingelesaren egokitzapen bat baino gehiago, Tijomírov-ek kontsideratzen zuen nihilismo errusiarra haren karikatura zela eta utilitarismoa ezmoraltasunarentzako aitzakia zela soilik.

"Nihilismo" terminoari ospea Ivan Turguenev idazle errusiarrak eman zion bere nobela Fathers and sons-en[7]. Obra honetako heroia, Bazarov, beste pertsona batzuk filosofia honen jarraitzaile bihurtzen dituen nihilista da. Maitasunak soilik lortzen du bere printzipioen inguruan dudak izatea.

Anton Chejov-ek nihilismoa irudikatu zuen bere Hiru ahizpak obran. Nobelako gertakari askori erantzuna emateko, pertsonaiek "Zer axola dio?" esaldia eta bere aldaerak desberdinak erabiltzen dituzte momentu askotan. Gertakari hauen esanahiak adierazten du pertsonaiek nihilismoa errealitatea jasateko erabiltzen zutela. Horrez gain, Chejov ezaguna da "pieza" izenez ezagututako literatura generoaren adierazle nagusia izateagatik. Genero honetako protagonistek desira bat izan ohi dute, baina hura lortzeko aukera aurkezten zaienean ez dira gai izaten errealitate bihurtzeko. Istorio hauek, beraz, hasi ziren moduan bukatzen dira "ezer ez gertatu denaren" itxura ematen dutelarik. Pertsonaien bizitzetan ez dago aldaketa nagusirik denbora igaro arren.

Ayn Rand-ek sutsuki salatu zuen nihilismoa, arrazoimenari eta zoriontasunaren bilaketari uko egitea dela argudiatuz. Harentzat, bi hauek dira bizitzaren moralaren helburua, horregatik, bere nobeletako gaizkileak nihilistak ziren. Honen adibide dira Ellsworth Mockton Toohey Manantiala obrakoa, nihilista gisa definitzen dena eta Atlaseko matxinada-n agertzen den gobernu ustela. Gobernukideak nihilismoaz gidatzen direla erakusten da idazleak amerikar gizartea irudikatzen duen moduan, horretarako "Nor da John Galt?" esaldia erabiltzen dute etsita dauden pertsonaiek, "Nork daki?" edo "Nori axola zaio?" esapideen forma desafiatzaile gisa.

Sadeko Markes autore frantsesaren ideia filosofikoak nihilismoaren printzipio gisa etiketatzen dira.

Rick and Morty telesailaren logoa.

Rick and Morty animazio telesailak ideia nihilista ugari aurkezten ditu; hala nola, "meeseeksak" (6. kapitulua), euren biziarekin akabatu nahi duten izakiak, bizitzea tortura bat baita eurentzat. Rick izeneko protagonistak ere hainbat momentutan egingo du Jainkoa metaforikoki hiltzeko saiakera, telesailak erakusten duen bezala, ez baitu ezerengan sinesten.

Daria izeneko beste telesail animatu batek neskato nerabe nihilista bat dauka protagonista gisa. Dariak motibazio falta dauka bere ingurua eta pertsonekiko.

Lebowski handia (1997) filmeko hiru antagonistak esplizituki deskribatzen dira nihilista hitza erabiliz. Dena den, ez zaie jokabide nihilistarik antzematen metraian zehar. Nihilisten inguruan, Walter Sobchak pertsonaiak zera dio: "nahi dutena esango dute nazionalsozialismoaren inguruan, baina gutxienez dotrina bat da".

1999ko The Matrix pelikulan, Thomas A. Anderson protagonistak lapurtutako artxiboak gordetzen ditu Jean Baudrillarden obra bateko kopia huts baten barnean, zeharki "Nihilismoaz" izeneko kapituluan. Era berean, Smith agentea, antagonista, nihilista gisa aurkezten da, filmaren bigarren atalean bakea, maitasuna eta justiziaz kexatzen denean. Fight Club filmak ere nihilismoaren kontzeptu esanguratsuenak jorratzen ditu kontsumismoak eta zoriontasunaren bilaketak inposatutako balio artifizialen kontrasteen esplorazioan. Aldi berean, Heath Ledgerrek antzeztutako Jokerrak ideia anarkista eta nihilistak nahasten ditu "kaos agente" gisa deskribatzen denean eta dirua erretzen duenean "ez dela diru kontua. Mezu bat bidaltzea da: denak har dezake su" esanez. Honen inguruan, Alfred Pennyworthek zera dio: "badaude ezer logikoa bilatzen ez duten gizonak, hala nola, dirua; hauek ezin dira erosiak, intimidatuak edo konbentzituak izan. Badaude mundua sutan ikusi nahi duten gizonak"[8].

Nier: Automata bideo-jokoak Nietzscheren eta nihilismoaren inguruko erreferentziak ditu. Jokoaren amaiera posibleetako bat, "E amaiera" gisa ezagutzen dena, nihilismo existentzialaren arbuiapen gisa interpretatu izan ohi da. Jokalariak esanahirik gabeko mundu bati uko egin behar dio jokoko protagonistak salbatu ahal izateko.

Revelations: persona bideojokoan amaierako etsaia pertsonaia nagusi baten pentsamendu nihilisten adierazpena da.

"Nihilist blues" Bring Me the Horizon talde britainiarraren abestiak erreferentzia zuzena egiten dio nihilismoari bere letran. Siniestro Total taldearen "Nihilismo" abestiak ere bai.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) Crosby, Donald A.. «Nihilism» Routledge Encyclopedia of Philosophy (Routledge)  doi:10.4324/9780415249126-n037-1. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  2. Deleuze, Gilles. (2006). Nietzsche and philosophy. Columbia University Press ISBN 0-231-13876-8. PMC 62697157. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  3. «Nihilism [The Internet Encyclopedia of Philosophy»] web.archive.org 2010-03-16 (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  4. «Revista NADA - NIHILISMO: El nihilismo de Diógenes de Sinope» Revista NADA - NIHILISMO 2011-10-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  5. «ЖУРНАЛ РУССКОЕ СЛОВО» russkay-literatura.ru (Noiz kontsultatua: 2022-04-07).
  6. «"Русское слово" // Литературная энциклопедия. Т. 10. — 1937 (текст)» feb-web.ru (Noiz kontsultatua: 2022-04-07).
  7. «Biblioteca NIET - Biblioteca nihilista: LA NOCIÓN DE NIHILISMO EN PADRES E HIJOS DE IVÁN TURGUENIEV» Biblioteca NIET - Biblioteca nihilista (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  8. (Ingelesez) https://www.washingtontimes.com,+The Washington Times. «MOVIES: Gotham City’s war on terror» The Washington Times (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]