Edukira joan

Ogedei

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ogedei


2. Mongolen Inperioako Khagan of the Mongol Empire (en) Itzuli

1229ko irailaren 13a - 1241eko abenduaren 11
Tolui (en) Itzuli - Töregene Khatun (en) Itzuli
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakᠣᠭᠡᠳᠡᠢ, Өгөдэй
JaiotzaKhamag Mongol (en) Itzuli1186ko azaroaren 7a
HerrialdeaMongolen Inperioa
HeriotzaMongolen Inperioa1241eko abenduaren 11 (55 urte)
Heriotza modua: eritasuna
alkoholismoa
Familia
AitaGenghis Khan
AmaBörte
Ezkontidea(k)Boraqchin (en) Itzuli
Empress Hutieni (en) Itzuli
Möge Khatun (en) Itzuli
Töregene Khatun (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaBorjigin (en) Itzuli
Chingissid (en) Itzuli
Hezkuntza
HizkuntzakMongoliera
Jarduerak
JarduerakKhana
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioatengrismoa

Ogedei[1] (mongolieraz: ӨгэдэйÖgedei, txinera tradizionalez: 窩闊台; 1186ko azaroaren 7a - 1241eko abenduaren 11), Ogedei Khan izenaz ere ezaguna, agintari mongola izan zen, ekialdeko eta mendebaldeko Asiaren parte handi bat konkistatu zuena. Gengis Khan handiaren semea zen eta haren oinordetza hartu zuen.

Mongolen Inperioa zabaldu zuen Persia eta Korea erasotuz eta Europa ekialderaino ere iritsi zen mongolen armada. Jatorrian herri nomada zen arren mongolen lehenengo hiriburua eraiki zuen, Karakorum. Aitaren itzalaren aurrean gutxituta gelditu da historian baina haren garaian karisma handiko enperadorea izan zen, umore onekoa eta oso azkarra hala arlo militarrean nola administrazioaren antolakuntzan.

Temüjin eta Börteren hirugarren semea zen. Jotxi zen seme zaharrena eta Txagatai bigarrena. Aita enperadore izateko bidean zeresan handia izan zuen Ogedei gazteak. Mongolen bateratze prozesuan mongolen leinuen arteko borroka gogorrak izan ziren eta Temüjinek porrot handia izan zuen Jamukharen armadaren aurrean. Ogedeik 17 urte zituen orduan eta larri zauritu zen borrokan[2]. Borokhula anai ordeak erreskatatu zuen. 18 urte zituela Ogedei Törengene emazteaz ezkondu zen aitaren baimenarekin.

1206an Temüjinek mongol leinu guztiak batu zituenean inperioko khana bihurtu zen eta Gengis Khan izena hartu zuen. Ogedeiri Emil eta Hobok ibaien arteko lurraldearen kontrola eman zion eta Jalayir leinuko komandantea zen Ilugei Ogedeiren tutore izendatu zuen.

Ogedeik eta haren anaiek lehenengo kanpaina 1211ko azaroan egin zuten Jin dinastiaren aurka, Txinaren iparraldean. Hebei probintziaren hegoaldea harpilatu zuen eta 1213an Shanxi. Ogedeiren armadak Jin soldaduak Ordos lautadan hegoalderaino bidali zituzten Mendebaldeko Xia, Jin eta Song dinastien domeinuak elkartzen ziren punturaino[3].

Mongolek Khwarezmiar Inperioa konkistatu zuten garaian Txagataik eta Ogedeik bost hilabetez Otrar hiria setiatu (1219-1220) eta azkenean biztanleen artean sarraski handia egin zuten. Ondoren Jotxi anaiarekin batu ziren Urgench hiria setiatzeko. Jotxi eta Txagatai ez ziren estrategia militarrari zegokionean eta seme gazteena izan arren Gengis Khanek Ogedeiri eman zion setioa gidatzeko agintea[4]. 1221ean hiria eurenganatu zuten. Ondoren Afganistango hego-ekialdeko Ghazni hirian matxinada izan zen eta Ogedei bidali zuen egoera baretzera[5].

Khan aukeraketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khwarezmiar Inperioaren konkista hasi aurretik Gengis Khani ondorengoa izendatu zezan eskatu zioten, edozer gerta ere. Konkistan izandako portaera ikusita emazteak eta biek ondorengoa Ogedei izango zela erabaki zuten. Gengis Khan 1227an hil zen. Hurrengo enperadorea izendatzeko kurultai asanblada 1229an egin zen eta bitartean Tolui anaia gazteak izan zuen trantsiziozko agintea. Kurultaian Ogedeik hirutan egin zion uko enperadore bihurtzeko eskaerari baina laugarrenean Ogedei Khan bihurtu zen, 1229ko irailaren 13an, Kherlen ibaiertzean[6]. Ordurako baziren bi urte Jotxi hila zela eta Txagataik anaia gaztearen alde jokatu zuen. Jotxiren ondorengoek Urrezko Horda sortu zuten, Mongolen inperio barneko erresuma, Europa ekialderantz zabaldu zena[7]. Txagataik Asia erdialdean Txagatai Khanerria sortu zuen, hau ere Mongolen inperio barneko lurraldea[8].

Persiaren eta Asia Erdialdearen konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genghis Khanek Khwarezmiar Inperioa konkistatu ondoren Mendebaldeko Xia eskuratzea hartu zuen helburu. 1226an ordea Khwarezmiarren azken erregea zen Jalal al-Din Mangburni Persiara itzuli zen eta inperioa berriztu zuen. Mongolek gogor erasotu zuten 1227an baina porrota izan zuten Dameghanen[9]. Berriz erasotu zuten Isfahan inguruan eta garaipen estua lortu bazuten ere ez zuten aurrera jarraitzerik izan.

Ogedeik agindu zuen lehen kanpaina militarra Jalal al-Din Mangburniren aurkakoa izan zen. Chormaqan generala buru zutela 30.000-50.000 mongol atera ziren Bukhara hiritik eta 1230an Amu Daria ibaia zeharkatu ondoren Khwarezmiarren alde jokatu izan zuten Persia eta Khorasan okupatzeko helburuaz. Khorasanen ez zuten apenas oztoporik aurkitu. Chormaqanek Dayir Baghaturren eskutan soldadu talde bat utzi zuen Afganistan aldera jo zezaten eta bitartean ejerzitoaren zati handienak hego-mendebalderantz jarraitu zuen. 1230ko udazkenean Tabaristanera iritsi ziren, Kaspiar itsasoaren hegoaldeko ertzera. Hegoalderago zegoen eremu menditsua ekidin zuten, Nizari Ismailiek (Assasinoek) kontrolatzen zutena.

Ray hirian neguko kanpalekua ezarri zuen eta 1231n Persia iparraldearen kontrola eskuratzeko Qum eta Hamadan hiriak konkistatu zituen. Ondoren armada Persia hegoaldeko Fars eta Kirmanera bidali zuen eta hango agintariak berehala errenditu ziren mongolen aurrean[10]. Jalal al-Din Transkaukasian isolaturik gelditu zen horrela eta ihes egin zuenez Persia guztia mongolen menpe gelditu zen. Bestatik Dayir Baghaturrek Afganistan aldera jo zuen eta Kabul, Ghazni eta Zabulistan eskuratu zituen.

Jin dinastiaren erorketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1230ean Jin dinastiak Doqolqu cherbi general mongola garaitu zuen. Horren aurrean Ogedei berak Tolui anaiarekin batera gidatu zuen mongolen armada txinatarren aurka. Shanxi eskualearen hegoaldean Fengxiang hiria hartu zuen. Uda iparraldean igaro ondoren berriz egin zuten hegoaldera Henan eskualdetik sartuz eta Jin enperadorearen atzealdean kokatuz. 1232an Jin enperadorea Kaifeng hiriburuan setiaturik gelditu zen. Inguruko beste hiri batzuk eskuratu ondoren Jin dinastiaren aurkaria zen Song dinastiaren laguntzarekin 1234ko otsailean Jin dinastia suntsitu zuen[11]. Song dinastia utzi zuen Kaifeng hiriaren kargu, baina Song erregeordeak mongolen enbaxadorea hil zuen eta Song armadak Kaifeng, Luoyang eta Chang'an kendu zizkien mongolei.

Jin dinastiarekin gerran ari zen bitartean Ogedeik Puxian Wannuk 1233an sortutako Ekialdeko Xia zapaldu zuen eta horrekin Mantxuria hegoaldea baketu zuen. Eskualdearen iparraldean 1237ko Tartariarren matxinadarekin ere amaitu zuen.

Georgia eta Armeniaren konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1232an Chormaqan generala Kaukaso aldera itzuli zen konkista berriak egin nahian. 1935ean Ganjak hiriko harresiak hautsi zituen katapultak eta ahari-buruak erabiliz eta Arbil hiriko biztanleek errenditzea erabaki zuten eta urteroko tributua adostu zuten mongolekin. Chormaqan 1238 arte itxaron egin zuen Möngke generalaren (gerora Möngke Khan izango zena) armada iritsi arte. 1238an Armenia konkistatu ondoren Tbilisi eskuratu eta 1240rako Georgiaz jabetu zen, hango nobleak errenditzearekin batera.

Koreako gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1224an mongoliar mezulari bat hil egin zen Korean eta Koreak mongoliarrekin ezarritako tributuaren ordainketa eten zuen[12]. Ogedeik 1231n Saritai qorchi bidali zuen Koreako penintsula inbaditzera. Goryeo erresuma zen penintsulan nagusi eta Ch'oe U erregeak mongolekin tratua egitea lortu zuen. Udan mongolak iparraldera itzuli zirela aprobetxatuz hiriburua tokiz aldatu zuen mendebaldeko kostaldean dagoen Ganghwa uhartera. Saritai itzuli zenean korearrek jartitako gezi batek hil zuen.

1234ko kurultai asanbladan mongolen mezulariak hil zituzten erreinu guztiak konkistatuko zituela esan zuen, korearrak, hegoaldeko Song dinastiakoak, mendebaldeko estepatako baxkirrak eta haien aliatu europarrak. Koreari dagokionez Danqu generala buru zutela 40 hiri konkistatu zituzten eta Bog Wong general korear garaitua jarri zuten hirien kargu. 1238an Ogedeik eskatu zuen Ch'oe U erregea haren aurrera agertu zedila. Erregeak familiakoa zen Yeong Nong-gun Sung eta hamar nerabe noble bidali zituen Mongoliara hura joan ordez. 1241ean Koreako gerra amaitu zen, aldi baterako[13].

Europarako zabalkundea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batu Khanek, Urrezko Hordaren buru zenaki, gidatu zuen mongolen mendebalderanzko zabalkundea. Batu Khan Jotxiren semea zen, Ogedeiren iloba beraz.

1237an Riazan parera iristi ziren mongolak, Kieveko Rusaren lehen printzerria zen hau. Hiru eguneko setioaren ondoren hiria eskuratu eta izugarrizko sarraskia egin zuten, biztanle guztiak hilez. Ondoren Vladimir-Suzdalgo Printzerriaren armada suntsitu zuten Sit ibaiaren borrokan[14] eta 1238an Alaniako Maghas hiriburua eskuratu zuten. 1240. urterako Kieveko Rus guztia mongolen esku zegoen, iparraldeko hiri bakan batzuk ezik. Batu Khanen armada iparraldean eta Chormaqanen tropak hegoaldean izanda Georgiako eta Armeniako nobleek errenditzea beste aukerarik ez zuten izan[14]. Batu Khanen eta Güyük-en (Ogedeiren semea) eta Büri-ren (Txagatairen biloba) artean tentsioa nabaria zen, Batu Khanen garaipen oturuntzan nabarmen handitu zena, baina Ogedei bizi zen artean hauek ez zuten Baturen aurka egiteko modurik.

Europa inbaditzeari ekin zioten orduan. Iparraldetik Polonia erasotu zuten baina poloniarrez, moraviarrez eta kristau ordenetako soldaduez osaturiko armadak Legnican geldiarazi zituen. Mongolen armadaren beste adar batek Hungaria erasotu zuen, eta hungariarrez, kroaziarrez eta tenplarioez osaturiko armadak kale egin zuen 1241eko apirilaren 11n Sajo ibaian. Ogedeik "Itsaso Handiraino" (Ozeano atlantikoa) zeuden Europako lur guztiak inbaditzeko agindua emana zuen baina Viena eta Albania iparraldera jarraitzekotan zirela Ogedeiren heriotzaren berria iritsi zen. Mongoliarren ohiturari jarraituz enperadore berria aukeratzeko Kurultai asanblada berria egin beharra zegoen eta Batuk eta bere armadak Europatik atera behar izan zuten[15]. Historialari gutxi batzuk dira esaten dutenak Europako gotorlekuek mongolei arazo estrategikoak eragiten zizkiela diotenak[16].

Batu Khanek 1242an Sarai hirian ezarri zuen bere Urrezko Hordaren hiriburua, Volga ibaiaren ertzean.

Song dinastiarekin istiluak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogedeiren hainbat semek razzia ugari egin zituzten Song dinastiaren lurraldean 1235 eta 1245 artean eta Chengdu, Xiangzhou eta Yangzi ibairaino iritsi ziren baina Song dinastiaren armada oso handia zen eta klima desegokia eta ez zuten haratagoko arrakastarik izan. Ogedeiren Khuden semea Tibeteraino ere iritsi zen. Ogedeiren agindutara hegoalderantz egindako zabalkundeak eremu haietara egonkortasun politikoa ekarri zuen eta Zetaren Bidea berriz martxan jartzea lortu zuen.

Kaxmir eta India

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1235 inguruan mongolek Kaxmir inbaditu zuten eta hainbat urtez egon ziren bertan. Berehala bihurtu zen Mongolen Inperioko dependentzia[17]. Garai hartan Kaxmirreko budismoaren maisua zen Otochi eta haren anaia Namo Ogedeiko gortean sartu ziren.

1241eko neguan Dayir Baghaturren Indus harana inbaditu eta Lahore hiria setiatu zuen. Delhiko Sultanerriaren lurraldea zen. Hiria erasotzen ari zela Dayir Baghatur hil egin zen eta mongolek atzera egin zuten.

Administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperioaren antolaketa berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ogedeiren koroazioa, Rashid al-Din artistak egina (XIV. mendea)

Ogedeik abiatu zuen Mongolen inperioko burokratizazioa. Ez zen lan erraza izan, inperioa hain erraldoia izanik izaera eta erlijio desberdinetako lurraldeak zeuden. Hiru zatitan banatu zuen inperioaren administrazioa:

Mahamud Yalavachek antolatu zuen sisteman nekazarien arteko zergabiltzaileek zilarretan jasotzen zituzte zergak, aldiz Yelu Chucaik zerga bilketa tradizional txinatarra hobesten zuen, gobernuaren txanponean goerbnuaren menpeko funtzionarioek jasoko zutena. Ogedeik eremu bakoitzean proposaturikoa uztartu zuen; merkatari musulmanen eta mongolen arteko hartu emanak zilarretan egiten ziren bitartean (ortoq enpresak izan ziren)[18] zilar erreseba horietan oinarrituriko diru-papera zabaldu zuen.

Yelü Chucaik kiradokita Txina hamar ibilbidetan banatu zuen. inperioaren administrazioa aritzeko Beshbalik eta Yanjing eremuak ezarri zituen, eta Karakorum hiriburuak zuzenki administratzen zuen Mantxuria, Mongolia eta Siberia. Agintari hauek ezarri zituen; Mahamud Yalavach (Turkestanen), Yelü Chucai (Txinaren iparraldean), Shikhikhutag (Txinan), Chin-temur eta ondoren Korguz uigurra (Pertsian).

Ogedeik bi tutore ezarri zizkien printze mongolei, Qadaq kristaua eta Zhichang taoista. Eskolak eraiki zituen eta akademia bat ere bai. Diru-papera zilarretan soilik ez, batez ere zeta erreserbatan oinaritu zuen eta diru-paper zaharrak suntsitzeko departamentu bat ere finkatu zuen. Kurultai asanbladetan janzkera eta portaera arauak ezarri zituen. Aberatsek zituzten 100 ardietatik bat unitateko behartsuenei emateko derrigortasuna ezarri zuen, eta artaldeko ardi bat eta behor taldeko ale bat enperadorearentzat gordeko ziren[19].

1234an posta geltokiak ezarri zituen (yam) eta bakoitzean zaldunak behar zituen baliabide guztiak bermatuko zituen langile kopuru batek egon behar zuela agindu zuen. 25 milia bakoitzeko yam bat zegoen.

Karakorum hiriburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mongolak tradizionalki nomadak ziren baina inperioa hainbeste zabaldu zenez administrazio zentral baten beharra ikusi zen. Ogedeik Mongolia erdialdeko Orkhon haranean Wanangong jauregia eraiki arazi zuen. Ogedeik familiakoei agindu zien jauregian inguruan haien etxeak eraiki zitzaten eta Karakorum hiria (Хархорум) sortu zen. Artisau pertsiar musulmanen eta artisau txinatarren artean lehia sortu zen eta bakoitzari barruti bat esleitu zion. Tenpluak eraiki zituen budistentzat, musulmanentzat, taoistentzat eta kristauentzat, eta txinatarren auzoan bazen tenplo konfuziar bat ere. Tenplo horretan Yelü Chucaik txinatar egutegia sortu zuen. Abeltzaintzarako ordeka egokia zen, mendietatik jeisten ziren urei esker zelai zabalak berdetzen baitziren eta haize hotzek eltxoak uxatzen zituzten gainera[20]. Ez zen inoiz hiri handia izango ordea, gehienez ere 10.000 biztanletako populaziora iritsiko zen[20].

Heriotza eta oinordetza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ogedeiren estatuatxoa, Gachuurteko jauregi mongol batean.

Ogedei ezaguna zen zuen alkoholismo arazoagatik. Txagataik ofizial bat ezarri zuen haren edana kontrola zezan eta esaten denez Ogedeik egunero edaten zuen edalontzi kopurua jaitsi zuen baina edalontzien tamaina bikoiztu egin zuen Txagatai engainatzeko. 1241eko abenduaren 11n hil zen Abd-ur-Rahmanekin gau osoan edanean ibili ondoren. Jendeak orduan Abd-urRahman iraindu bazuen ere mongoliar aristokratek onartu zuten edana kontrolatzeko zituen arazoak eraman zutela Ogedei heriotzara.

1230. hamarkadaren hasieran Ogedeik semeen artean Khochu aukeratu zuen oinordeko izateko, baina 1236an hil egin zen eta orduan Shiremun bilobaren alde egin zuen, ez zen ordea mongolen gustuko oinordekoa, haiek nahiago zuten Ogeideren beste seme bat, Güyük[21].

Kurultaia ospatu bitartean Ogedeiren alarguna zen Tögerenek hartu zuen inperioaren ardura. Gortean zituen aliatuei boterea eman zien eta khitan eta musulman ofizialak jazarri zituen. Jauregiak, katedralak eta egitura zibil ugari eraiki zituen erlijioa eta hezkuntza sustatu asmoz[22]. Mongol aristokrata gehienak Güyük semearen alde jarri zituen baina mendebaldean Urrezko Hordaren buru zen Batu Khanek uko egin zion Kurultaira joateari, mongolen inperioak berarekiko zuen ezinikusia baretu artean. Egoera honek lau urte iraun zituen eta inperioaren batasuna nabarmen desorekatu zen[22].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2016-09-30). (PDF) 181. araua: Erdi Aroko pertsona-izenak. Iruñea, 16 or..
  2. Secret history of the Mongols. $3, II. .
  3. Marvin C Whiting. Imperial Chinese Military History. , 355 or..
  4. John Powell. Magill's Guide to Military History: Jap-Pel. , 1148 or..
  5. Richard Ernest Dupuy, Trevor Nevitt Dupuy. The encyclopedia of military history. , 336 or..
  6. Michael Prawdin, Gerard (INT) Chaliand. The Mongol Empire. , 237 or..
  7. (Ingelesez) «Golden Horde | Significance, Map, & Location | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
  8. (Ingelesez) Cartwright, Mark. «Chagatai Khanate» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
  9. (Ingelesez) Staff, HistoryNet. (2006-06-12). «Mongol Empire: Chormaquan and the Mongol Conquest of the Middle East» HistoryNet (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
  10. Amitai, Reuven. (1995). Mongols and Mamluks : the Mamluk-Īlkhānid War, 1260-1281. Cambridge [England] ; New York, NY, USA : Cambridge University Press ISBN 978-0-521-46226-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
  11. Amitai, Reuven. (1995). Mongols and Mamluks : the Mamluk-Īlkhānid War, 1260-1281. Cambridge [England] ; New York, NY, USA : Cambridge University Press ISBN 978-0-521-46226-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-27).
  12. Michel Hoàng, Ingrid Cranfield. Genghis Khan. , 159 or..
  13. J.Bor. Mongol hiigeed Eurasiin diplomat shashtir, vol. II. , 197 or..
  14. a b Timothy May. (2008). Chormaqan. .
  15. Morgan, David O.. (1989-06-01). «The Mongols and the eastern Mediterranean» Mediterranean Historical Review 4 (1): 198–211.  doi:10.1080/09518968908569567. ISSN 0951-8967. (Noiz kontsultatua: 2020-04-26).
  16. Pow, Lindsey Stephen. (2012-09-27). Deep ditches and well-built walls: a reappraisal of the mongol withdrawal from Europe in 1242. (Noiz kontsultatua: 2024-05-29).
  17. Thomas T. Allsen. Culture and Conquest in Mongol Eurasia. , 84 or..
  18. (Ingelesez) Enkhbold, Enerelt. (2019-10-02). «The role of the ortoq in the Mongol Empire in forming business partnerships» Central Asian Survey 38 (4): 531–547.  doi:10.1080/02634937.2019.1652799. ISSN 0263-4937. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  19. Mongolia Society. Occasional Papers, 17 or..
  20. a b «Karakorum» Ancient History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  21. (Ingelesez) Craughwell, Thomas J.. (2010-02-01). The Rise and Fall of the Second Largest Empire in History: How Genghis Khan's Mongols Almost Conquered the World. Quarto Publishing Group USA ISBN 978-1-61673-851-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-30).
  22. a b Jackson, Peter. (1978). The dissolution of the Mongol Empire. Central Asiatic Journal. XXXII:, 208–351 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]