Logroñoko konkatedrala
Logroñoko konkatedrala | |
---|---|
Concatedral de Logroño | |
UNESCOren gizateriaren ondarea Kultura ondasuna | |
Donejakue bide frantsesa Errioxan | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Espainia |
Autonomia | Errioxa |
Errioxako udalerri | Logroño |
Koordenatuak | 42°27′59″N 2°26′44″W / 42.46652°N 2.445526°W |
Historia eta erabilera | |
Erlijioa | katolizismoa |
Elizbarrutia | Calahorrako eta La Calzada-Logroñoko elizbarrutia |
Izena | Maria |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa Arte gotikoa |
Gizateriaren ondarea | |
Erreferentzia | 669-601 |
Eskualdea[I] | Europa eta Ipar Amerika |
Izen-ematea | bilkura) |
BIC | RI-51-0000701 |
601 | |
Webgune ofiziala | |
|
Logroñoko konkatedrala edo Redondako Andre Mariaren konkatedrala (gaztelaniaz: Concatedral de Santa María de la Redonda), "La Redonda" ezizenaz ere ezagutzen dena, Espainiako Errioxa autonomia erkidegoko Logroño hiriko konkatedrala da. Calahorrako eta Santo Domingo de la Calzadako katedralekin batera, Calahorra eta La Calzada-Logroñoko diozesiaren egoitza da[1]. UNESCOk 1993. urtean Gizateriaren ondare izendatu zuen Donejakue bidea eta multzo berean Logroñoko hainbat eraikin historiko sartu zituen, tartean Redondako konkatedrala[2].
Logroñoko alde zaharreko erdigunean kokaturik dago. Aurrean merkatuaren plaza dauka eta hegoaldean Portales kale nagusia[3].
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donejakue bidea1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Redondako Andre Mariaren konkatedrala | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | ii, iv, vi |
Erreferentzia | 669-602 |
Kokalekua | Errioxa Espainia |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Izen ematea | 1993 (XVII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Kokapen historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]X. mendean Ebro ibaia gurutzatzen zuen zubi bat bazen eta Donejakue bidea bertatik hasi zen pasatzen. Zubi honen inguruan Logroño eratuz joan zen. Pasabidea garrantzia handia hartuz joan zen eta Gaztelako, Nafarroako eta Aragoiko erresumen mugetan egonik hainbat borroka izan ziren bertan tokia bereganatu nahian[4]. 1095ean Alfontso VI.a Gaztelakoak Logroñori hiri forua eman zion, logroñotarrentzako eta Donejakue bidean zetozen erromesentzako toki frankoa bihurtuz, aurrez 1076an Calahorra eta Naiararekin egin bezala[5].
Logroñok hazten jarraitu zuen eta Donejakue bidearen ertzetan hainbat eliza eraiki ziren, Santa María de Palacio eliza, Santiago el Real eliza eta San Bartolome eliza. Bidetik apur bat bananduta Redondako Andre Mariaren eliza eraiki zen. Redonda izenak "borobila" esan nahi du eta pentsatzen da hasiera batean eliza erromaniko oktogonala izango zela, Nafarroako Eunateko elizaren eta Torres del Ríoko Hilobi Santuaren elizaren antzekoa.
Logroño ibaiaren hegoalderantz handituz joan zen eta Redondaren Gure Amaren eliza hiriaren erdigunean kokatu zen. 1431. urtean "hiri" titulua eskuratu zuen eta 1435ean Redondako Andre Mariaren elizari kolegiata bat eman zitzaion. Kolegiata hura egiteko Redonda eta Albeldako monasterioak bat egin zuten[1]. Kolegiata eraikitzeko lanak ordea ez ziren 1516. urterarte hasi.
1959. urtean Redondaren Gure Amaren kolegiatak "konkatedral" maila hartu zuen, Calahorrako katedralarekin (XV mendekoa) eta Santo Domingo de La Calzadakoarekin (XI. mendekoa) batera[1].
Eraikuntzaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinarrian badirudi zenobio txiki bat izan zela. IX. mendean Torres de Ríotik musulmanengandik ihesi iritsitako anai batzuk eraiki omen zuten. Ez da ordea haren aztarnarik aurkitu[6]. Redondaren katedrala 1196an eraikitzen hasi bazen ere gaur egungo egitura XVI, XVII eta XVIII. mendeetan eraikitakoa da.
1516 eta 1598 artean Isabeldar gotiko estiloan eraiki zen eliza, zortzi zutabe zilindrikorekin eta kanoi ganga nerbatuekin[7]. XVII. mendean Aldare nagusiaren ondoan dagoen ekialdeko zatia handitu egin zen Kristo Sainduaren kapera eraikiz. Denbora pasa ahala deanbulatirio bihurtuko zen.
Azkenik XVIII. mendean egitura nagusia osatu zen, koroa behera jeitsi[7], koroaren atzekaldea eraiki eta Aingeruen Andre Mariaren kapera eraikiz. Kanpoaldean bi dorre biki eraiki ziren. Martín de Beratúa arkitekto bizkaitarrak diseinatu zituen Vianako Santo Tomas eliza eredu hartuta. Errioxar eremuko hainbat elizak dute antzerako dorrea; Santo Tomas de la Calzadakoak, Brioneskoak, Oiongoak, Labrazakoak (azken biak Arabako Errioxan)...[7] Dorre bertikal garaiak dira eta kanpandorrea oso apaindua dute. Barroko errioxarra izena eman izan zaio estilo horri[8].
1879ko urtarrilaren 8an Baldomero Espartero militar liberal eta politikaria hil zen, Ministro Kontseiluko buru izandakoa. Azken urteak Logroñon bizi izan zituen eta hileta elizkizun handiak egin zitzaizkion. Esparteroen hilobia Redondako konkatedralaren barnean dago, bai eta haren emazte Jacinta Martínez de Siciliarena ere[1].
Arkitektura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Katedrala ekialde-mendebalde norabidean kokaturik dago. Hiru habearte ditu garaiera berekoak,[8] baina erdikoa zabalagoa da[6]. Deanbulatorio bat eta traskoroa ere baditu. Aurpegi nagusia ataria dago eta bi dorre biki ditu. Elizaren alboetako habearteen hormetan hainbat kapera daude hormabularren tarteetan[8].
Fatxada nagusiko atearen gainean Juan Bautista Arbaizak diseinaturiko fatxada-erretaula ikusgarria dago. Nitxo handi batean kokaturik dagoen erretaula da, hiru gorputz eta zazpi kale dituena[7].
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldare nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldare nagusia 1668an amaitu zen eta erabat barrokoa da. Francisco de la Cueva y Vicente López Frías izan ziren egileak. Erdiko kalean Jeseren Zuhaitza ikusten da eta alboetan San Pedro eta San Pablo. Goialdean Kristo gurutziltzatua dago[1].
Errioxako kalbarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konkatedraleko deanbulatorioan, aldare nagusiaren atzeko partean, oliozko margolan txiki bat dago. Bertan kalbarioaren irudia agertzen da, Jesukristo bizirik ageri da gurutzean inguruan Andre Maria Doloretakoa, Joan Ebanjelaria eta Maria Magdalena dituela. Kondairak dio Michelangelo Buonarrotik margolari italiarrak Vittoria Colonna lagunari oparitu ziola[9]. Haren senarra errioxarra zen, Ábalos herrikoa. XVII. mendean Redondako konkatedralean Kristo Sainduaren kapera eraiki zuen apezpikua Pedro González del Castillo izan zen, humanista handia bera, eta sarritan Erromara joan eta artelanak erosten zituena. Hark ekarri zuen koadroa Logroñora[7] baina XX. menderarte ez ziren Michelangeloren eskolakoa zela ohartu eta orduan ezarri zuten deanbulatorioan.
Gillis Coingneten taula flamenkoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gillis Coingnet XVI. mendeko margolari flandriarra izan zen eta konkatedralean dauden taulak 1854an margotu zituen Anberes hirian. XX. mendean Parisen erosi ziren eta Naiara ondoan dagoen Señorío de Somalo kaperan ezarri ziren. Ondoren handik Logroñoko konkatedralera eraman zituzten. 131 x 88 cm dituzten sei taula dira[7]:
Hauetaz gain Frantzisko Asiskoaren bizitzako pasarteak agertzen dituzten hiru taula txiki ere badaude 26'5 x 96 cm neurria dutenak.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konkatedralaren kanpoaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Konkatedrala.
-
Ate nagusia.
-
Dorre bikiak.
-
Hegoaldeko horma, Portales kalean.
-
Konkatedrala eta merkatuaren plaza.
Konkatedralaren barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Aldare nagusia.
-
Zutabeak eta kanoi ganga.
-
Organoa.
-
Esparteroren hilobia.
Artelanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Deikundea
-
Epifania
-
San Petri
-
Jasokundea
-
Agurtzane
-
Sorkunde Garbia
-
San Prudentzio
-
Ikuzketa
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) «Visitas Guiadas a la Concatedral de Santa María la Redonda | HolaRioja» Hola Rioja (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Viajeros, Pilar y Paco. (2019-04-24). «Logroño en 11 visitas. La Rioja (España)» blogviajes (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Plaza del Mercado - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ «Logroño | artehistoria.com» www.artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Fuero de Logroño. (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Catedral de Logroño» vivecamino.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ a b c d e f «CATEDRAL LOGROÑO» www.arteguias.com (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Concatedral de Santa María de la Redonda - Lugar de interés» La Rioja Turismo@es||| (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Miguel Ángel es la clave» La Rioja 2010-01-18 (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Webgune ofiziala (Gaztelaniaz)