Rosa Díez
Rosa Díez González (Sodupe, Bizkaia, 1952ko maiatzaren 27a - ) euskal herritar politikaria eta Aski da! elkarteko kidea. 2016rarte, Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia (UPyD) alderdiko kide izan zen eta urte horretan alderdi hau desegitearen aldeko iritzia eman zuen.[1] Urtetan zehar PSOEko kidea izan eta bertan kargu esanguratsuak bete ondoren 2020ko Espainiako Hauteskunde Orokorretan Alderdi Popularreko Pablo Casadoren alde lerratu zen.[2]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aita sozialista zuen. Francoren garaian, atxilotu eta hiltzera zigortu zuten, nahiz eta azkenean beste zigor bat ezarri zioten. Rosa Diez, administratibo ikasketa eginda, Bizkaiko Foru Aldundian funtzionario aritu zen.
Politikagintzan, PSE-EEn hasi zen Rosa Diez. Eusko Jaurlaritzan Turismo sailburua izan zen 1991ko urriaren 4tik 1998ko otsailaren 3 arte, Jose Antonio Ardanza lehendakari zela. Eusko Legebiltzarkide ohia izan da. 1999tik 2007 arte PSEren eskutik Europako Parlamentuan jardun zuen, harik eta alderdia utzi arte.
PSOEren barruan Idazkari Orokorra izateko aurkeztu zuen bere burua 35. Kongresu Federalean (2000ko ekainean, non Jose Luis Rodriguez Zapatero hautaturik atera zen. PSE-EEko Idazkari Orokorra izateko ere aurkeztu zen, baina berriro galdu zuen.
Azken urteotan oso kritikoa agertu zen Rosa Diez PSOE zein PSE-EEko agintariek hartutako hainbat ekimen eta erabakirekin, batez ere terrorismoaren aurkako borrokari edo abertzaleekiko harremanei dagokienez. Ermuko Foroak edo Asociacion de Victimas del Terrorismo elkarteek antolatutako manifestaldietara joan ohi da Rosa Diez, bere alderdiak osatzen duen gobernuaren politikaren kontra protestatzera ere. Alderdi Sozialistako zenbait kidek, hala nola Odon Elortzak, alderdia uzteko eskatu diote Rosa Diezi, leialtasunik ez erakusteagatik.
2007ko abuztuan Alderdi Sozialista utzi eta Fernando Savaterrekin eta Carlos Martinez Gorriaranekin, besteak beste, Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia (UPyD) sortu zuen. Alderdiak Espainiako Konstituzioaren defentsa eta Espainiako politikaren berrikuntza aldarrikatzen zituen. Berehala, Díez alderdiaren lider eta buru bilakatu zen. 2008 urtean Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten; alderdi horrek hauteskundeetan eskuratu zuen diputatu jarleku bakarra izan zen. 2011 urtean berriz hautatu zuten diputatu, alderdiak bost jarleku eskuratuta. 2015eko maiatzean Europako hauteskundeetan lorturiko emaitza txarrak direla eta, alderdiaren buruzagitza utzi zuen. 2015eko Espainiako hauteskunde orokorretan UPyD alderdiak ez zuen jarlekurik eskuratu; berehala, Díezek erretiroa hartu zuen, bere funtzionario-plazara aktiboki itzultzeari uko eginda.
2019ko abenduaren 31ean, Rosa Díezek Espainiako Alderdi Sozialistako kideak Alemania Naziko holokaustoaren eragileen konplizeekin alderatu zituen, ERC alderdiarekin itun batera iristeagatik.[3][4]
1989 urtean Nazioarteko Elkartasuna GKE-a eratu zuen PSE-EE-ko beste politikariekin batera, haien artean Niko Gutiérrez (gaur egun VOX-en), Paulino Antuñano Maruri[5][6] eta Benjamín Respaldiza Fernández[7].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.elmundo.es/espana/2016/02/08/56b84786268e3ed2078b4593.html
- ↑ https://www.elmundo.es/espana/2019/11/06/5dc2d826fdddffde858b461d.html
- ↑ (Gaztelaniaz) «Rosa Díez compara a los socialistas con los cómplices del exterminio nazi» elcorreoweb.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) eldiario.es. «Rosa Díez compara a los socialistas que no critican el Gobierno de coalición con "los alemanes que fingían" no ser conscientes del exterminio nazi» eldiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) D, L.. (2004-01-23). «El PSOE, condenado a restituir a los 18 socialistas de Sestao que expulsó por "indisciplina"» Libertad Digital (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
- ↑ Bizkaiko Aldizkari Ofiziala. BOB. BAO. BOB núm. 79. Martes, 28 de abril de 2015. BAO. 79. zk. 2015, apirilak 28. Asteartea. 2015-eko hauteskundeak.. .
- ↑ Gueñeseko Udala. Zinegotziak.. .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Rosa Diezen webgune pertsonala
Eusko Jaurlaritza (1991-1995) | ||
---|---|---|
Jose Antonio Ardanza (Lehendakaritza) |
Eusko Jaurlaritza (1995-1998) | ||
---|---|---|
Jose Antonio Ardanza (Lehendakaritza) |
- 1952ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Bizkaiko politikariak
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak III. legegintzaldian
- Euskal Herriko eurodiputatuak
- Euskal Herriko espainiar nazionalistak
- Gueñestarrak
- Eusko Jaurlaritzako Sailburu ohiak
- Batasuna, Aurrerapena eta Demokraziako politikariak
- Espainiako diputatuak X. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak IV. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak V. legegintzaldian
- Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak VI. legegintzaldian